Urkulluk dio EAJk «estatus politiko berria» lortzea lehenetsiko duela

Gehiengoak saihestu eta abertzaletasun historikoa indartzea izango dira jeltzaleen erronka nagusiak

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutuaren bidea«amaitutzat» eman eta datozen urteei begira EAJk «Euskadirentzako estatus berri bat lortzea» lehenetsiko duela adierazi du Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. «Azken legealdia [Gernikako] Estatutuarena izan da, eta hurrengoa, estatus berriarena». Hala mintzatu zen Urkullu herenegun, alderdiaren sorreraren 116. urteurrenaren karietara Bilbon eginiko ekitaldian.

EAJk kezkaz begiratzen dio azaroaren 20an izango diren hauteskundeei. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan Bilduk azaldutako indarrak eta Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa lortzeko ireki den aukerak behartu ditu jeltzaleak euren estrategia «zehaztera», Urkulluk adierazi duenez. «Agertokia aldatu da; gu ere aldatu behar gara».

Alderdi jeltzalearentzat ere «garai berri» bat ireki dela nabarmendu du EBBko presidenteak, eta aro berri horretan alderdiak bi «erronka» nagusi izango dituela adierazi du. Batetik, eta azaroaren 20an izango diren Espainiako hauteskunde orokorrei begira, Espainiako Gorteetan «gehiengo absolutuak» saihestu eta EAJ Espainiako gobernagarritasunean «eragina» izaten jarraitzea. Eta, bestetik, «abertzaletasun historikoa indartzea».

Erronka horien inguruan ere mintzatu da Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusi ohia. Herenegun Mutrikun eginiko ekitaldi batean esan zuen Espainiako hauteskunde orokorretan PSOE eta PPren arteko «bipolarizazioa hausteko» abertzaletasun historikoa indartu beharra dagoela, eta EAJri dagokiola horren «lidergoa» hartzea. Era berean, Bilduren indarra «ahulduz» joango dela adierazi zuen. «Orain arte jarrera eroso batean egon dira, besteok egiten genuena kritikatuz, baina olatuak ez du betirako iraungo, eta orain, euren kontraesanak agertzen joango dira», adierazi zuen Olanok.

Datozen hilabeteetan zehaztuko du EAJk aurrera begirako estrategia. Ikasturte politikoa hastearekin bat, udazkenean egingo dute Batzar Orokorra, eta horretan, Urkulluk adierazi duenez, alderdiaren proiektu nazionala «egokitu eta berrituko» dute alderdiko militanteek.

Urkulluren proposamena kritikatu dute PSEk eta PPk. PSEko bozeramaile Oskar Rodriguezek Urkulluri leporatu dio proposamena «Espainiara begira» egitea. «Konponbidea hona begiratuz eta guztion artean eraiki behar da». Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak, berriz, adierazi du buruzagi jeltzalea «ameskerietan» ari dela, eta Leopoldo Barreda PPren eledunak uste du Urkulluk «Ibarretxeren asmoak» berreskuratu nahi dituela.

Mezua ezker abertzaleari

Herenegun eginiko hitzaldian, ezker abertzalearentzako hitzak ere izan zituen Urkulluk. Alde batetik, itxaropentsu azaldu zen ezker abertzaleak «baldintza juridikoak onartu» dituelako, baina, bestetik, hori «nahikoa ez» dela nabarmendu zuen. «Lehen urratsa da, baina ez da nahikoa. Orain, baldintza politikoak eta moralak onartu behar dituzte. Indarkeriaren Damoklesen ezpatak euren zilegitasuna ezbaian jar dezake», ohartarazi zuen. Era berean, gaineratu zuen, bakearekin ez dela «ez jokorik ez kalkulurik» egin behar. «Espero dut hauteskunde interesengatik inork ez jokatzea denborekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.