Urkulluk dio oraingoa ez dela izango «beste legegintzaldi bat gehiago»

Arlo politikoan eta espetxe politikan salbuespen guztiak berehala bukatzeko eskatu du EBBko lehendakariakEspainiako presidentea hautatzeko saioan EAJk ez du oraindik erabaki bere botoa

EBBko lehendakari Iñigo Urkullu, Espainiako Gorteetako hautetsi jeltzaleekin atzo egin zuen bileran. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Gauzak zeharo aldatu dira azken aldi honetan euskal politikan.EAJrentzat, etorkizuna «hemen da», eta ikuspegi hori irudikatzeko, EBBko presidente Iñigo Urkulluk Albert Einsteinen hitzak hartu ditu: «Ez dut etorkizunean pentsatzen, berehala heltzen delako». Espainiako Kongresua eta Senatua osatzeko saioa hasteko egun gutxi falta direla, Urkulluk adierazi du oraingoa ez dela izango «beste legegintzaldi bat gehiago». EAJko buruaren esanetan, aurreko legegintzaldiaren hasieran «inork imajinatuko ez zukeen erronka eta aukera aldia» dugu egunotan. Urkullurekin batera, agerraldia egin dute Sabin Etxean azaroaren 20an hautatutako parlamentari eta senatari jeltzaleak —Ruth Martinez eta Lorea Leanizbarrutia salbu—, Madrilen «erronkei» aurre egiteko eta «aukerak» lantzeko erabiliko dituzten ildo politiko nagusiak aurkezteko xedearekin.

Hiru erronka nagusi

EAJrentzat, Espainiako Gorteetan landu beharreko lehen erronka «krisialdi ekonomiko larriari erantzutea» da. Urkulluren irudiko, «ziurgabetasun eta paralisi» egoeratik irteteko «adostasun zabal eta iraunkorra» bilatu behar dute alderdi politikoek. Enplegua sortzen hasteko eta ekonomia suspertzeko «itun handi» bat eratzea proposatu du Urkulluk, PPri zeharkako erreferentzia eginez: «Esparru ekonomikoan, ez dago eragozpenik elkarrekin lan egiten hasteko». «Egoeraren larritasuna» dela-eta, buruzagi jeltzaleak ahalik eta lasterren elkarlanean hasteko deia plazaratu du, etaduela gutxi alderdiak aurkeztutako Enplegua Sortzeko Premiazko Neurrien egitasmoa mahaiaren gainean jarriko dutela iragarri du.

Bigarren lan ildoaren bidez «bakea eta elkartasuna eraikitzen» saiatuko dira. Hala ere, esparru horretan ekimenak lasai-lasai garatu behar dira, Urkulluren iritziz. «Premiazko erronka da, baina lasai-lasai ekin behar diogu». Dena den, politikagintzan eta espetxeen arloan salbuespenak bukatzearen alde agertu da. EBBko presidenteak aipatu duenez, euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea eta Sortu legeztatzea helburu horretara heltzeko urrats garrantzitsuak lirateke. «ETAko presoei ezarritako salbuespenaren ordez, gainerako presoei ematen zaien moduko tratamendua» jaso dezatela eskatu du Urkulluk, baita «aukera politiko guztiak legeztatzea» ere. Azaldu duenez, 1998an —Jose Maria Aznar Espainiako presidente zela— Kongresuak espetxe politika malgutzeko egitasmoa onartu zuen, eta gaur ere bide hori jorratzeko prest agertu da Urkullu.

Bestalde, «autogobernua sendotzea eta estatus politiko berria ahalbidetzea» bilatuko dute jeltzaleek Madrilen. Urkullurentzat, hauteskundeek bi «errealitate» azaleratu dituzte. Alde batetik, «Espainia eta Euskadi guztiz desberdinak» direla, eta, bestetik, barnera begira, Euskal Herria «plurala» dela. Azkenik, Gernikako Estatutua betetzeko falta diren transferentzien inguruan akordio batera heltzea eskatu du.

Ez dute botoa erabaki

Dudarik gabe, Mariano Raxoi izango da Espainiako hurrengo presidentea. Dena den, EAJk ez du erabaki presidentea hautatzeko saioan zer bozkatuko duen.Urkulluk azaldu duenez, PPren deiaren eta presidentea hautatzeko ekitaldian Raxoik egingo duen hitzaldiaren zain daude jeltzaleak hori erabakitzeko. «Deirik ez badugu jasotzen, Raxoik egun horretan esango duena entzungo dugu, eta une horretara arteko denbora nola kudeatu duen balioztatuko dugu». Amaiurrek talde propioa izateko auzian, erantzukizun osoa PPrena da buruzagi jeltzalearentzat. Ordezkaritza politiko nabarmena lortu duten taldeek «ehuneko hamarren gutxi batzuen inguruko eztabaidatik kanpo gelditzea» nahiko luke Urkulluk, baita Amaiurrek talde propioa lortzea ere. Gerta litekeenari begira, baina, ohar bat helarazi dio koalizio independentistari: «Amaiurrek bazekien zeintzuk ziren hauteskundeek ezartzen zituzten baldintzak». Lan erreformari dagokionez, «Merkelek edo Sarkozyk esaten dutenari adi egon beharrean» Raxoik talde parlamentarioekin hitz egin beharko lukeela uste du Urkulluk, «bere borondatea zein den azaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.