Iñigo Urkulluk argi dauka zer nahi duen. EAJk Eusko Jaurlaritza berreskuratzea nahi du, bera lehendakari izanik. Horretarako, edozeinen babesa lortzeko prest dago, eta halaxe aitortu, gainera: «Edozeinen» babesa jasotzeko prest dagoela esan du, bere alderdiak «a priori» ez diola inori atea ixten. Hala, gogora ekarririk PPk EAJri aurpegiratu diola EH Bildurekin akordioa egiteko asmoa duela, nabarmendu du aurkeztuko diren hautagaitza guztiak «legezkoak» direla. «Seinale ona izango litzateke hauteskundeak irabazi eta gainerako taldeen babesa jasotzeko aukera izatea».
EH Bildurekin elkarlanean aritzeak ezer txarrik ez duela justifikatu nahi izan zuen ABC Punto Radion egin zioten elkarrizketan.Hautagaitza guztiak «legezkoak» direla esan zuen: «Talde bakoitzaren zilegitasuna herritarrek ematen dieten babesaren araberakoa da». Baina nabarmendu du alderdi bakarrak gobernua osatzea ezinezkoa bada bi alderdi elkarlanean aritzeko ezinbestekoa dela hauteskunde programak «bateragarri» izatea.
«Gobernu formulaz haratago, boto gehien jasotzen duen aukera bada, gobernatzeko moduko proiektu eta programa dauka EAJk», esan zuen. Hala, nabarmendu zuen jeltzaleak gutxiengoan aritu izan direnean ere «gobernatzeko gai» izan direla, batzuekin eta besteekin hizarmenak eginez.
Hiru ardatz nagusi
Alderdi jeltzaleak hiru ardatz nagusiri jarraitu nahi diela azaldu du EBBko buruak: «Krisitik ateratzeko neurriak, autogobernuan sakontzekoak eta ETAk ekintza armatuak utzi izana jakinarazi ostean dugun egoera egonkortzeko neurriak». Azaldu du desberdinen arteko «hitzarmen handi bat» beharko dela neurri horiek aurrera ateratzeko.
Murrizketak saihesten saiatzeko asmoa du, adibidez, eta iragarri du lehendakari bada helegitea jarriko diela Espainiako Gobernuak proposatzen dituen neurriei, baldin eta Gernikako Estatutuaren esparruan sartzen badira. Krisi ekonomikoaren aitzakian autonomien estatua zentralizatu nahian ikusten du PP EAJk, eta, hori eragozteko, zentzumen guztiak adi izango dituela ohartarazi du Urkulluk. Izan ere, haren iritzian, autonomia erkidego guztiak ezin daitezke «berdin ulertu, argi dagoelako desberdinak direla».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Urkulluk «edozeinen» babesa onartuko du lehendakari izateko
Krisitik ateratzeko neurriak, autogobernuan sakontzekoak eta ETAk armak utzi osteko egoera egonkortzekoak ditu EAJk lehentasunDioenez, Raxoiren neurriei helegitea jarriko die Estatutuaren esparruan sartzen badira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu