HEZKUNTZA

Urkulluk esan du LOMCEren egutegia betetzea "ezinezkoa" dela eta ezingo dela ezarri

Cristina Uriarte sailburuak atzo esandakoak berretsi ditu gaur Jaurlaritzako lehendakariak; legearen kontra egingo dute, legea betez. Nafarroako Hezkuntza kontseilari Iribasek esan du hezkuntza erreforma ezarriko duela, "baina egokituta".

Uriarte eta Urkullu Peñaflorida ikastetxean, gaur, Donostian. OIHAN VITORIA
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urtarrilaren 30a
18:16
Entzun

Espainiako Hezkuntza Ministerioak LOMCE hezkuntza erreforma datorren ikasturtean bertan ezartzen hasteko asmo irmoa azaldu zuen atzo, zirrikiturik gabe. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritza legeari aurre egiteko prest dagoela esan du Urkulluk. "LOMCE legea adostasunik gabe jaio da. Presaka eta inprobisazioz inposatu nahi digute, baina aurre egingo diogu". Ikusi egin beharko da nola; hainbat eragilek intsumitu egiteko eskatu diete Jaurlaritzako agintariei, baina ez dute horretarako borondaterik erakutsi. Hezkuntza kontseilari Cristina Uriartek, atzo, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroarekin bilera egin ostean, azaldu zuen ahaleginak egiten jarraituko dutela, "legea betez" lege berria saihesteko. Diotenez, oso egutegi "estua" propososatu du ministerioak —estu eta larri dabiltzala aitortu zuen Wertek ere—, eta espero dute erreforma datorren ikasturtean ezartzen hasteko modurik ez izatea, eta hartara, atzeratzea. Iñigo Urkulluk hori bera berretsi zuen atzo: "Ezinezkoa da egutegia betetzea eta LOMCE datorren ikasturtean aplikatzea"

Denbora estua dela aitortua du Nafarroako Gobernuak ere, baina, kontrara, ez du eragozpenik ikusten irailean abiarazteko. Legea bete beharko dela berretsi du Jose Iribas kontseilariak. "Gustatuko zaigu gehiago, gutxiago edo batere ez, baina bete egin behar da, gorteetan onartua dagoenez gero".

Moldaketa batzuk egiteko asmoa du, hala ere, Iribasek. "Ahalegin handia egingo dugu Nafarroako hezkuntza on egiten duten ezaugarriei eusteko eta hobetzeko aukerak jartzeko". Ez du argitu zer bidetatik egin asmo duen hori. Egia da, nolanahi ere, orain arte baino aukera mugatuagoa dutela erkidegoek horretarako, Espainiako Gobernuak ezarriko baititu eduki nagusiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.