Urte politikoaren hasiera

Urkulluk helburutzat jarri du estatutu berri bat lortzea eta falta diren eskumenen egutegia adostea

Ainhoa Larretxea Agirre - Iraitz Mateo Gogorza
2018ko abuztuaren 28a
07:36
Entzun

Eusko Jaurlaritzak urte politikoa abiatzeko ohiko bilera egin du Donostiako Miramar jauregian. Ordubete pasako bilera egin dute Jaurlaritzako sailburuek, eta Urkullu bilera amaitutakoan mintzatu da prentsaren aurrean. Urte politiko berria “auzolana” eta “lankidetza politika” bultzatuz hasi dutela adierazi du lehendakariak.

Estatutu berri bat lortzea jarri du urte politikoko helburutzat, eta estatutu hori, gainera, ahalik eta "pluralena" izatea nahi du. "Euskal Autogobernuaren berezitasuna" aitortzen duen estatutu bat nahi du, aldebiko harremanak sustatuko dituena. Estatutu hori ahalik pluralena izateko, alderdi guztiekin biltzea aurreikusi du Urkulluk. Gaineratu du nahi duela EH Bilduk ez ezik gainontzeko alderdiek ere parte hartzea estatutu berri hori idazteko prozesuan. Gainera, berretsi du “laster” adostuko dutela egutegi bat Pedro Sanchezen gobernuarekin falta diren transferentziak lortzeko.

Urkulluk adierazi du Eusko Jaurlaritzak Bertizko Adierazpenean adostutako bideari jarraituko diola, eta espetxe politika berri baten alde lanean jarraituko dutela. Euskal presoak gerturatzeko asmoa gauzatzen ari dela uste du lehendakariak, baina gaineratu du espero duela preso daudenek ere "konpromisoa adieraztea".

Migratzaileen harreran Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana goraipatu du Urkulluk. Protokoloa "hobetzeko" tartea dagoela onartu duen arren, gaineratu du lan ona egiten ari direla. Migratzaileen aferan konpromisoa hartzen segituko dutela berretsi du lehendakariak.

17.800 lanpostu berri

Ekonomiaz ere hitz egin du Urkulluk. Erran du aurreikusten dutela 17.800 lanpostu sortuko direla urtea amaitzerako, eta ekonomia %3,2 haziko dela. Lanpostu gehiago eta "hobeak" sortzeko konpromisoa berretsi du. Giza garapenaren arloan, hezkuntza azpiegitura plana, Eibarko ospitalearen irekiera eta soldata arrakalaren aurkako estrategia nabarmendu ditu Urkulluk.

Espainiako eta Kataluniako egoera politikoez hitz egin du, eta elkarrizketarako deia egin du. Espainiari buruzko gogoeta "errealista" eta "sakona" egin behar direla iritzi dio lehendakariak. Gehitu du Eusko Jaurlaritzak estaturik gabeko herrientzat lanean jarraituko duela Europako esparruan, “aniztasuna” helburu duen Europa bat lortze aldera.

Miramar jauregiaren kanpoaldean hainbat herritar egon dira protestan. Satorralai Donostialdeko metroaren igarobidea gelditzeko bizilagunen mugimenduko hainbat kidek metroa gelditzeko aldarria egin dute, eta Txantxarreko gaztetxeko kideek, berriz, migratzaileen harrera politika egokia eskatu diote Urkullu buru duen gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.