Aieteko Konferentzia egin zutenetik zazpi urte beteko dira bihar, eta Aieteko jauregian (Donostia) bihar bertan egitekoak diren ekitaldira joango diren eragileen berri eman du Foro Sozialak. Alderdi politikoen aldetik, baieztatua dute Joseba Egibar (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Lander Martinez (Elkarrekin Podemos), Rafa Eraso (Geroa Bai) eta Nafarroako Ahal Dugu-ko nahiz Ezkerrako ordezkarien presentzia.
Sindikatuei dagokienez, Aieten izango dira Amaia Muñƒoa (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB), Alfonso Rios (CCOO), Raul Arza (UGT), Steilas, ESK, EHNE, Hiru, Etxalde. Oraindik ez dute eman Ipar Euskal Herriko eragileen ordezkaritzaren berri.
Bestalde, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak gaur 16:00etan hartu ditu Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak. Ondoren, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin batzartu dira, 18:30ean.
Urkulluren eta HNTren arteko bileraren atarian, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du Jaurlaritzak ez duela "inoiz loturarik apurtu Euskadiren normalkuntzaren alde lan egin duten taldeekin". Bihar, berriz, HNTkoek Baionara joko dute, eta han Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak hartuko ditu.
Aieteko ekitaldiarekin, HNTk amaiera emango dio euskal gatazkaren konponbidearen alde eginiko lanari. 2011ko otsailaren 14an eman zuten HNTren sorreraren berri, "Euskal Herriko normalizazio politikoa lortzeko" eragileen arteko harremanak erraztea eta ahalbidetzea helburutzat jarrita.