Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Urkulluk Lopezi esan dio kupotik 500 milioi euro eskatzeko Madrili

Autogobernua defendatu eta diru sarrerak handitu nahi baditu dagokion dirua eskuratzeko eskatu dio

Erredakzioa
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEren lehendakarigaiaren aurka egin du, beste behin, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak. Autogobernua defendatzeko esan dio. Eta, horretarako, Espainiako Gobernuari 500 milioi euro eskatzeko. Urkulluren hitzetan, dirutza hori da Espainiako Gobernuak EAEri kupoagatik itzuli behar diona Lopez buru izan duen legealdiagatik.

Gasteizko Olarizuko erromeriara joan aurretik egindako adierazpenetan, «kezkatuta» dagoela esan du Urkulluk; autogobernuaren garapenagatik eta kupoari buruzko legearen inguruan Lopezen gobernuak Espainiako Gobernuarekin zein negoziazio egin duen ez dakielako dagoela kezkatuta.

EAJren lehendakarigaiak ohartarazi du garrantzitsua dela dirutza hori eskuratzea; horrek Jaurlaritzak eta foru aldundiek duten diruari eragiten diola. «Oso ondo dago Eusko Jaurlaritza zergez arduratzea eta diru sarrerak nola handitu ditzakeen aztertzen aritzea, baina garrantzitsuagoa da autogobernua defendatzea kupoaren likidazioari dagokionez, 500 milioi euro baitaude jokoan».

Azken egunetan Lopezekiko liskar iturri nagusi izan duenari eutsi dio berriz Urkulluk, Rodolfo Aresek Jaurlaritzaren diru kontuei eta bi lehendakarigaien arteko balizko eztabaidari buruz esandakoei erantzunez: «Patxi Lopezekin ez ezik, beste lehendakarigai guztiekin ere jendaurrean eztabaidatzeko prest nago, euskaraz zein gazteleraz». Aresek lehendakariarekin eztabaida publikoa izateko aukera saihestea egotzi dio Urkulluri, horri beldur diola argudiatuta.

Urtarrileko elkarrizketak

Ardurei eutsi nahi ez izatea ere leporatu dio Aresek EAJren lehendakarigaiari, eta honela erantzun dio akusazioari Urkulluk: «Hobe luke urtarrilaren 23 eta 25ean eta otsailaren 1ean Eusko Jaurlaritzaren kontuei buruz EAJrekin izandako elkarrizketak azalduko balitu». EAJk eta PSE-EEk zer hitz egin zuten ez du argitu, ordea.

Urkulluk Aresi esan dio Jaurlaritzaren diru kontuei buruzko eztabaidak eskatu beharrean horiei buruzko azalpenak emateko, eta EAJri orain arteko kudeaketaren berri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.