Jaurlaritzak Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusia egin du, gaur, Donostian. Euskal gizarteak azken 60 urteetan izandako jokaeraren "analisi kritikoa" egin du Iñigo Urkullu Jarularitzako lehendakariak. Aurretik, Naiara Zamarreño, Ainara Olaziregi eta Sandra Carrasco ETAren biktimak, Maider Garcia GALen biktimak eta Jaione Sansebastian Guardia Zibilaren biktimak hartu dute hitza. Alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu dute, PPk salbu. EH Bilduk adierazi du "bizikidetzaren alde" egiteko joan dela, baina salatu du Jaurlaritzak bere alde erabili duela ekitaldia. PPk, berriz, Irunen (Gipuzkoa) egingo du bere ekitaldia.
Beren lekukotza eman duten bost biktimak azaldu dute nola sentitu diren euskal gizarteak eta erakundeek beraiekin izan duten jarreraren aurrean. Urteetan bakarrik eta ahaztuta sentitu direla adierazi dute guztiek. Indarkeria ororen biktimak aitortzeko beharra ere nabarmendu dute.
Bost biktimen arteko solasaldiaren ondoren hartu du hitza Urkulluk. Memoriaren Eguna "beste behin" autokritika egiteko eguna da, haren esanetan. Euskal gizarteak eta haren erakundeek azken 60 urteetan izan duten jarrerari buruz, adierazi du "argi-ilunak" izan direla. Itzalen artean, aipatu du "berandu" erreakzionatu zutela biktimen egoeraren aurrean, eta "babes urria" eman zietela; bereziki, 70eko eta 80ko hamarkadetan. 90eko hamarkadan, berriz, gizarte erantzuna apurka hazi egin zela nabarmendu du lehendakariak. Indarkeriaren kontrako eta giza eskubideen aldeko mobilizazioak, eta ekinaldi sozial, mediatiko eta instituzionalak ugaritu ziren, haren esanetan. Horien artean aipatu du Ajuria Eneako Ituna. 2000ko hamarkadatik aurrera babes instituzionala eman zela gaineratu du.
Urkulluk iraganaren analisi kritikoa egitearen garrantzia nabarmendu du, etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko. Hiru printzipio etiko proposatu ditu horretarako: biktimak elkarren artean ez berdintzea, indarkeriari zilegitasunik ez aitortzea, eta biktimarik ez baztertzea.
Lehendakariak gaineratu du ekitaldian beren bizipenak kontatu dituzten biktimek "eztabaidaezina" den "irakaspen bat" utzi diotela gizarteari: "Gertatu zena bidegabea eta justifikaezina izan zen". Lehendakariaren hitzaldiaren ondoren, bi minutuko isilunearekin amaitu da ekitaldia.