eusko legebiltzarrerako hauteskundeak

Urkulluk sinatu du apirileko bozen deialdia bertan behera uzteko dekretua

  Jaurlaritzako lehendakariaren idatziak dio ezin dela parte hartzea bermatu, osasun arrazoiengatik. Aitortu du lege hutsunea dagoela, baina uste du berak badaukala hauteskundeetako deialdia indarrik gabe uzteko ahalmena. Aurrez, atzo Urkulluk eta alderdiek bezala, EAEko Hauteskunde Batzordea apirileko deialdia indargabetzearen alde agertu da.

Iñigo Urkullu, gaur, dekretua sinatzen.
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 17a
14:49
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak arratsaldeko lehen orduan sinatu du Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeetako deialdia bertan behera uzteko dekretua, eta bihar argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Dekretua legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrari jakinaraziko dio, halaber. Hiru orrialdeko dekretua da. Atzo, Lehendakaritzan egindako bilera batean, Urkulluk eta talde politikoetako ordezkariek bozak atzeratzeko erabakia adostu zuten, aho batez, koronabirusaren krisia dela-eta iritzita ez dagoela botoa emateko nahikoa bermerik osasun eta sufragiorako eskubide aldetik, eta arrazoi horietan oinarritu da lehendakaria dekretuan.

Formula juridikoari buruz, dekretuak dio baldintza horiek daudenean bozketa egunaren deialdia indarrik gabe utz daitekeela, nahiz eta aitortu duen badela lege hutsune bat. Lehendakariak uste du legez baduela hura indargabetzeko ahalmena. Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek arratsaldean txosten batean azaldu dute deialdia dela bertan behera utzi dena, ez hauteskunde prozesua, eta egongo dela hurrena beste deialdi bat.

«Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia globalaren egoera deklaratu du, mundu osoan hedatzen ari den koronabirusa dela eta. Birusaren hedapena nazioartekotu egin da azken asteotan, eta, hedapena orokorra izatera iritsi ez bada ere, osasun agintariek ezarritako neurriak indartu behar izan dira» dio dekretuak, hasieran, eta, ondoren, Jaurlaritza azkeneko astean neurriak hartuz joan dela dakar; nagusiki, erkidegoan osasun larrialdi egoera ezarrita. Aipatu du Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri izana ere. Hala, dekretuak dioenez, egoera horrek «larriki nahasten du 2020ko apirilaren 5erako deitutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garapen normala».

Dekretuak aipatu ditu COVID-19 gaitzaren zabalkundea geratzeko xedez jarduera publikoak etenda daudela, eta jendea bakartzeko neurriak, indarrean; kanpainako ekinbideak ezingo liratekeela behar bezala egin —propaganda eta boto banaketa, eztabaidak...—, eta apirilaren 5eko hauteskunde eguna ere baldintzatuta legokeela —parte hartzeko eskubideari eta mahaietako kideen eta gainerako boto emaileen segurtasunari dagokienez—. «Baldintza hauetan ezinezkoa da, osasun publikoaren ikuspegitik, bermatzea herritarren parte hartzea eta sufragio eskubidearen erabilera libre eta normala».

Lege hutsuneaz, interpretazioa

Espainiako hauteskunde lege organikoak halako ezohiko kasuetarako ez du zehaztua nola atzeratu litezkeen boz batzuk, eta hori aitortu du Urkulluk sinatutako dekretuak: «Nahiz eta hauteskunde legediak ez duen esplizituki jasotzen nola jokatu behar den herritarren parte hartzea eta sufragio eskubidea bermatzeko hauteskunde prozesuarekin jarraitzea materialki ezinezkoa denean (...)», baina, idatziak dioenez, «legearen isiltasunak ez du baztertzen lege horretan aurreikusten ez diren kasuetarako jokabide arau baten beharra, hauteskunde legerian bertan jasotako printzipio orokorrak kontuan hartuta. Alde horretatik, hauteskunde legediak zenbait lege arautan dioenez, ezinbesteko kasuak arrazoi izan daitezke hauteskunde prozesuaren funtsezko elementuak eteteko, bai bozketari dagokionez, bai boto zenbaketari dagokionez, eta, legedi horrek, halaber, bozketa partzialen deialdi berri baten beharra aurreikusten du, bozketa bat baliogabetzeko kasu jakin batzuetan».

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 46. artikuluak eta Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 51. artikuluak Jaurlaritzako lehendakariari ahalmena ematen diote EAEko bozetarako deialdia egiteko, eta bozketa eguna ezartzeko. Artikuluek ez dute zehazten bozketa data ere indargabetzeko ahalmena ematen diotela, baina lehendakariak, koronabirusak sortutako egoerako arrazoiak erabiliz, interpretazio bat eginda, indarrik gabe utzi du apirilaren 5eko egunaren deialdia.

EAEko Hauteskunde Batzordea ere indargabetzearen alde

Gaur, lehendakariak dekretua sinatu aurretik, apirileko bozetako data indargabetzearen alde azaldu da EAEko Hauteskunde Batzordea, aho batez. Bilera telematikoa egin dute, 10:00etatik 14:00ak arte; kideek esku artean zeukaten lehendakariaren dekretuaren edukia —Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea da batzordeko burua—. Batzordeak ohar batean esan duenez, Urkulluren dekretua «zilegi da, neurrikoa da eta zuzenbidera egokitua dago». Kontsentsu politikoa lortu izana ere nabarmendu du.

Urkulluk eta alderdiek atzo adostu zuten hauteskundeak atzeratzea EAEko osasun larrialdia amaitu arte. Hura bukatzean, «berehala» egingo dituzte bozak. Jaurlaritzako lehendakariak atzo zioen osasun larrialdiaren amaieran alderdiekin hitz egingo duela bozen data berriaz eta kanpainaren iraupenaz. Hauteskundeen deialdi berria ere haren dekretu baten bidez egingo dute.

Atzo, lehendakaria ez ezik, bileran egon ziren, taldez talde, Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EAJkoak, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi EH Bildukoak, Miren Gorrotxategi EP Elkarrekin Podemosekoa, Idoia Mendia PSE-EEkoa, Amaya Fernandez PP-C's-koa, eta Jose Ramon Becerra eta Edurne Baranda Equokoak.

Urkulluk joan den otsailaren 10ean sinatu zuen hauteskunde deialdia. Azkeneko bozak 2016ko irailaren 25ean egin zituzten.

Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan lehen aldiz atzeratu dituzte hauteskunde batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.