Urkulluk uste du agiria "aurrerapauso nabarmena" dela, eta urrats gehiago egiteko eskatu du

Jaurlaritzako lehendakariak bilera bat egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, presoen egoeraz hitz egin eta Bake Plana aurkezteko.

Urkullu, gaurko agerraldian. IREKIA
2013ko abenduaren 30a
07:54
Entzun

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak iragan larunbatean plazaratutako adierazpenaz jardun du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, urteko balantzea egiteko agerraldian. "Erretorikaren atzean, aitortu daiteke aurrerapauso nabarmen baten aurrean gaudela", esan du.

Balorazio "osoago" bat egiteko, adierazpenaren "ondorio praktikoak" ezagutzea beharrezkoa dela uste du Urkulluk, baina ezinbestekotzat jo du urratsak egiten jarraitzea; "eta ahalik eta azkarren", gaineratu du.

Halaber, Urkulluk Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetzarako Lantaldea defendatu du, eta argudiatu "gaur komenigarriagoa" dela foro hori.

Urkulluk azaldu du ez duela hitz egin EPPKren oharraz Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin, baina jakinarazi du bilera bat egiteko eskatu diola presoen egoeraz jardun eta Jaurlaritzak osatutako Bake eta Bizikidetza Plana aurkezteko.

Onarpen "mugatua eta partziala"

Atzo, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren eledunak “zuhurtasuna” eskatu zuen komunikatua aztertzean eta, adierazi zuenez, aurrerapena da presoek “espetxe legeak eta banan-banako gizarteratzea” beren egitea eta eragindako mina onartzea, nahiz eta minaren onarpena “oso mugatua eta partziala” den gobernuaren ustez.

Erkorekaren arabera, Espainiako Gobernuak “aukera ona” dauka gertatzen ari denaz jabetzeko: “Presoen kolektiboak iragarritakoa urrats zehatzetan gauzatu ahala, espetxe legea benetan onartzen dutela baieztatzen bada, espetxe estrategia aldatu behar luke Madrilek”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.