EUSKO JAURLARITZA

Urkulluk zehaztu du goi karguetan egingo dutela administrazioaren mozketa, ez langile publikoetan

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Zerga erreformaren xedea ekonomia suspertzea izan behar dela esan du, eta prest azaldu da aurrekontuak alderdi guztiekin negoziatzeko.

jon olano
2012ko abenduaren 20a
11:31
Entzun

ETArekin hitz egitearen alde azaldu da Urkullu. Azaldu du erakunde horren desegitea "era ordenatuan" egin behar dela, biktimen, errefuxiatuen eta eragindako oinazearen aitorpenaren gaiei heldu behar zaiela desegite prozesu horretan, eta horretarako ETArekin berarekin hitz egin beharra dagoela.

Nafarroarekin zer-nolako harremana izan nahi duen galdetuta, Urkulluk erantzun du "errespetu instituzionalaz" jardun nahi duela, "nafarren borondatea errespetatuta". Bi gobernuek normaltasunez jarduteko nahia azaldu du Urkulluk, Nafarroa "euskararen lurralde" delako.

Kataluniako prozesu subiranistaz, Urkulluk errespetua azaldu du han gertatzen ari denaren inguruan, baina ñabartu du Katalunian "berezko errealitateak" dituztela: "Gureetatik ezberdinak". Horregatik, hemengo "inguruabarraren araberako" estatus politiko bat bilatuko duela adierazi du.

1.400 milioi euro gutxiago

Ekonomiaren arloan, Urkulluk ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak 1.400 milioi euro gutxiago izango dituela datorren urteko aurrekontuetarako, eta aurreikuspen horrekin ari direla lanean. Gainera, esan du adostasunak antzeman dituela Bilduren eta PSE-EEren artean zerga erreforman eta aurrekontuetan, eta biei egotzi die alor horietan lurraldeen arteko oreka apurtzea.

Botiken berrordainketaz, azaldu du neurriak ezartzeari aurre egingo diola, baina gaineratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berrordainketa ezartzeko agintzen badu hala egin beharko dutela. Nolanahi, neurri hori ezartzerako hilabete batzuk igaroko direla ohartarazi du. Langile publikoen Gabonetako lansariaren inguruan, jakinarazi du "ahal izanez gero" datorren astelehenean aurkeztuko duela Jaurlaritzak 2013ko uztaileko lansaria urtarrilera aurreratzeko lege proiektua.

Erkoreka, "ateak irekitzera ohituta"

Halaber, sailburu izendatu dituenez mintzatu da. Josu Erkoreka izango da Jaurlaritzako bozeramaile eta administrazioko sailburu; hartaz esan du Espainiako Gobernuarekin eta alderdi politikoekin harremanak saretuta dauzkala eta "ateak irekitzera ohituta" dagoela. Orobat, Herrizaingo Saila zenari Segurtasun Saila deitu diotela-eta, azaldu du "garai berriak bistaratu" behar direla eta Ertzaintza "integrala eta gertukoa" izatearen aldeko apustuari erantzuten diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.