«Argi dugu: beharrezkoa da euskarazko egunkari bat, eta behar du webgune sendo bat ere. Gureherriak, gure hizkuntzak, gure kulturak derrigorrezkoa du BERRIA». Hala esan zuen atzo Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak Urola Kostako alkateekin batera emandako prentsaurrekoan. Horregatik, jakinarazi zuen Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat egiten dutela, eta diruz lagunduko dutela. «Ahal dugun neurrian BERRIA Taldeari laguntzeko konpromisoa hartzen dugu».
Ordainetan eskaera bat ere egin zioten BERRIA Taldeari: «Aspaldi hasitako bideari jarraitzeko. Euskarazko komunikabideak sortu eta sustatzen jarraitzeko, eguneroko kalitatezko egunkari bat euskaraz argitaratzeko, eta, noski, webgune sendoa egiten jarraitzeko».
BERRIA «zailtasun handiak» igarotzen ari den honetan, «euskarazko komunikabide nagusiaren alde» apustu egiten dutela jakinarazi zuen Etxeberriak.
Mezu zehatza eta argia eman zuten, Azpeitiko udaletxean egindako agerraldian. Pello Bastarrika Azkoitiko alkatea, Alvaro Villar Aizarnazabalgoa, Begoña Garmendia Beizamakoa, Nikanor Lertxundi Getariakoa, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiakoa, Maria Jesus Salsamendi Errezilgoa, Beñat Solaberrieta Oriokoa eta Leire Etxeberria Zestoakoa izan ziren agerraldian, Azpeitiko alkateaz gain. Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea eta Igor Iturain Aiakoa ez ziren prentsaurrekoan izan, baina kanpainarekin bat egin eta atxikimendua eman zuten haiek ere.
Alkateak ez ezik, BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari Joanmari Larrarte eta egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi ere izan ziren agerraldian. Otamendik eskerrak eman zizkien alkateei laguntzagatik, eta BERRIA «arriskuan» dagoela ohartarazi zuen. Jakin badaki krisia gogor jotzen ari dela denean, eta, horregatik, jendea BERRIArekin bakarrik ez dela kezkatuko ulertzen duen arren, «ahal denean» laguntzeko eskatu zuen.
36ko gerran urte erdi batez Eguna euskarazko egunkaria egon zen arren, 1990era arte Euskal Herrian modu iraunkor batean euskarazko kazetarik ez zela izan gogoratu zuen —Egunkaria sortu zuten orduan—. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak 2003an Egunkaria «birrindu» egin zutela ekarri zuen akordura, eta jende askori esker BERRIA sortu zela. Orain «arrisku larrian dago», ohartarazi zuen.
Ondorioz, jendeari dei egin zion komunitateko kide izatera eta proiektua diruz laguntzera. «Irlandan eta Galizian bertako hizkuntzetako egunkariak galdu zituzten, eta gurean ezin da halakorik gertatu».
Zure ziztada behar dugu. Urola Kostako alkateen agerraldia
Urola Kostak ere zizta
BERRIA beharrezkoa dela aldarrikatu eta 'Zure ziztada behar dugu' kanpaina babestu dute Urola Kostako alkateek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu