Atzera begiratu eta orduko argazkiak ikusita, urrunago dirudi, baina ez da horrenbeste denbora Bizkaia eta, neurri txikiagoan, Araba eta Gipuzkoa lohi azpian utzi zituzten uholde haiek izan zirenetik. 30 urte besterik ez. Batzuentzat bizi osoa izan litekeen arren, hura bertatik bertara bizi izan zutenek ez dute beste horrenbestean ere ahaztuko lainoek ekarritako hondamen hura. "Ni Madrilen nengoen orduan, ikasten; eta orain emaztea dudanarekin ateratzen hasi berria nintzen [Bermeokoa da bera]. Irratia entzuten ari nintzen goizaldean, Radio Nacionalen programazioa eten eta uholdeei buruzko informazioa ematen hasi zirenean. Harri eta zur geratu nintzen esataria entzun nuenean esaten Bermeo urak irentsi zuela. Banekien ez zela posible, baina ez nuen hara deitzeko modurik, telefono bidezko komunikazioak etenda zeudelako", gogoratu du Jose Antonio Arandak, Euskalmeteko meteorologia arduradunak.
Lehenago larritu zen Ricardo Olabegoia, orduan Jaurlaritzako Babes Zibilerako burua zena. "Goizeko sei eta erdietan deitu ninduten, esanez Itsasondoko baserri batean bikote bat zegoela teilatura igota eta urez inguratuta. Laguntza berehala bidali genuen, eta krisi mahaia ere lanean hasi zen ordubete baino lehen". Hasiera batean, euriteek eragindako ohiko arazoak zirela uste izan zuten Olabegoiak eta haren taldeak, baina apurka-apurka eta datu gehiago heldu ahala ohartu ziren egoeraren larriaz: "Segurtasun kontseilariordeari deitu, eta, hura Oñatiko alkatea ere bazenez, esan zidan errepidea itxita zegoela. Berdin Bakion ere. Hasieran, pentsatu genuen arazo nagusia Gipuzkoan zegoela, eta hara joateko prestatu genituen tresna eta taldeak. Baina orduan Bizkai aldetik hasi zitzaizkigun deiak iristen".
1983ko abuztuaren 26ko goizaldean litro ugari bota zituen Gipuzkoa aldean —150 litro inguru metro koadroko—, baina okerrena etortzeko zegoen. Lainoteria Bizkai aldera mugitu ahala, euri gehiago bota zuen. Ez ziren lehen litroak; aurreko egunetan ere euri asko egina zuen, eta lurrak ordurako ezin zuen gehiago xukatu. Horretaz gain, ibaiak ere nahiko beteta zihoazen. Zenbaki bakar bat nahikoa da gertatutakoa argitzeko: 813. Horiek izan ziren abuztu hartan metro koadroko botatako litroak, hau da, normalean urte osoan botatzen duenaren hiru laurdenak. Egun bakarrean bostehundik gora litro bota zituen metro koadroko. Kopuru historikoa inondik inora, izan ere, ordura arteko datuen arabera aurretik 1953an egin zuen euri gehien. Orduan, Tolosa eta Oiartzunen 300 litro inguru pilatu ziren metro koadroko. Ezinezkotzat jotzen zen hori baino gehiago botatzea.
Ibaiek zeramaten ur kopurua ere izugarria zen. Ibaizabalen, adibidez, 3.000tik gora metro kubo zenbatu ziren, normalean 110 inguru zenbatu ohi diren lekuan. "Ez genuen halakorik espero. Baina euria ugaritzen joan zen, eta ibaiak ere hazten joan ziren, gainezka egin zuten arte. Hiru egun egin zituzten zenbaitek urpean. Hori nahikoa ez, eta telefono bidezko komunikazioak ere bertan behera geratu ziren toki askotan", azaldu du Arandak.
Gerora, tanta hotza deitu izan zitzaion fenomeno hari. "Atmosferako maila altuetan sakongune atmosferiko bat sortu zen. Lainoak hezetasun izugarriarekin zetozen Mediterraneo aldetik. Gaur hori bera gertatuta ezingo genuke urak bere bidetik ateratzea saihestu, baina neurriak aurreikusi ahalko genituzke, teknologiak ematen dizkigun aukerei esker. Orduan ez zen halakorik, horrek galdu gintuen", nabarmendu du Arandak.
Bilbo eta Laudio okerren
Aste Nagusia zen Bilbon. Jaiak ziren nagusi. Baina eurite eta uholdeek hartu zuten haien tokia. "Errepideak itxita zeuden, eta berdin telefono lineak ere. Jakin bagenekien Bilbon larri zeudela. Izan ere, han botatako euriaz gain, ibaiek eramandakoak eta mendian behera joandakoak egin zuten bat. Horrek hondamen izugarria eragin zuen", dio Olabegoiak. Soilik Bizkaiko hiriburuan 360.600 eurotik gorako kalte materialak eragin zituen. Zazpikaleak erabat hondatuta geratu ziren, eta berdin inguruko auzoak ere. "Parte zaharrean erori zena ehun futbol zelaietan kabitzen denaren parekoa izan zen", nabarmendu du Arandak.
Herritarrak izan ziren lanean hasten lehenak. Jai girotik larrialdi egoerara igaro ziren ordu gutxiren buruan bilbotarrak. Kanpotik laguntzarik iristen ez, eta eurak izan ziren jendeari etxetik ateratzen lagundu eta, okerrena pasa ostean, kaleak garbitzen hasi zirenak. "Kosta egin zitzaigun hirian sartzea. Informazio askorik ere ez genuen; herritarrek galdetzen ziguten zer gertatu ote zen halako edo besteko auzotan, baina guretzat haiek ziren informazio iturri", esan du Olabegoiak. "Alkatearekin akordioa egin genuen: haiek udaletxetik kudeatuko zituzten lanak, eta, ezer behar izanez gero, laguntza eskatuko ziguten. Guk, berriz, Espainiako armadak bidalitako taldeekiko lotura lanak egin genituen, eta nonbaitetik jendea eskatzen baziguten, haiek joaten ziren".
Laudion ere hondamena handia izan zen, baina hango berri gerora jaso zuen Olabegoianek. "Haiek ere, beste herri askotan bezala, bakartuta geratu ziren, eta ordu batzuk igaro ziren berriz kontaktuan jarri ginenerako". Han kaleak ibai bilakatu ziren botatako euriteen ondorioz, eta urek eta lokatzak aurrean eraman zituzten dozenaka auto. Bost lagun hil ziren. Guardia Zibilaren talde bat 21 urteko neska bat uretatik salbatzen ahalegindu zen, baina azkenean eurak ere uretara erori ziren. Bostak hil ziren.
Duela 30 urte gertatutako hondamena txikiagoa izango zatekeen ibai bazterretan eraiki izan ez balitz, hala uste du Arandak. "Hemen, errazenera jo, eta ibai bazterretan eraiki izan da, horiek direlako toki lauenak, eta orain egindakoa ordaintzen ari gara".