Ezker abertzalearen alderdi berria. Erreakzioak

«Urrats garrantzitsua» dela onartu dute ia denek

EAJk, Aralarrek, EAk, Alternatibak, EBk, H1ek eta Lokarrik uste dute alderdi berriak legezko izateko baldintzak bete dituelaSozialistentzat beste pauso bat da «norabide onean»; PPrentzat, ez

K.Aldabe - I.Lasa
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Sortu duen alderdi berriaren helburu, bitarteko eta estatutuen aurkezpena ikusita, ezker abertzaleak «urrats garrantzitsua» egin duela onartu dute alderdi politiko ia denek. Ezker abertzaleak ETArekiko irudikatutako haustura nabarmendu dute ia denek, eta, gehienen ustez, dagoeneko ez legoke traba juridikorik alderdi berri hori legezko izateko.

EAJ

«Espainiako Gobernuari eskatzen diogu ekin diezaiola alderdi berria inskribatzeari»

EAJko Euzkadi Buru Batzarrak «ongietorria» eman dio ezker abertzaleak «historikoki eduki izan dituen jarrerekiko ageriko banatzeari» eta «iraganarekiko apurketari», EAJren aburuz, «euskal politikagintzarako itxaropenezko aldi berriaren irekitzea» dakartelako. EBBren atzoko bileraren amaieran prentsara bidalitako ohar baten bidez, ezker abertzalearen alderdi berriak «indarrean dagoen legerian eskatzen diren baldintza guztiak» betetzen dituela adierazi du EAJk, eta, beraz, Espainiako Gobernuari eskatu dio, arauzko epe barruan, alderdi berri hori inskribatzeari ekin diezaiola. «Gobernuak adoretsua behar du izan», dio EAJren oharrak, eta ez lukeela amore eman behar, «talde berria legeztatzearen kontra agertzen direnek eragindako presioen aurrean». Jeltzaleen buruzagitza ezker abertzalearen alderdi berriarekin elkarrizketak hasteko prest agertu da, indarkeriaren amaieraz, baketzeaz eta normalizazioaz mintzatzeko. EBBren bilera baino lehenago, Iñigo Urkulluk adierazi zuen «legea, epaiak eta eskakizun guztiak beteta» alderdi berriak legezkoa behar duela izan.

Jose Antonio Pastor

«Urrats garrantzitsua da norabide onean, etamusika ona dauka»

«Gaur [atzo] entzun dena ez da sekula lehenago entzun, eta musika ona dauka», esan du PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek. Ezker abertzaleko ordezkariek atzo eginiko aurkezpenean esandakoa norabide onean eginiko «urrats garrantzitsua» dela ere nabarmendu du Pastorrek, baina alderdiaren legeztatzeaz erabakia justiziak hartuko duela esan du, PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek bezala. PSOEk ere ontzat jo du ezker abertzalearen aurkezpena, baina ohartarazi du «estatutu batzuk aurkeztea eta indarkeria errefusatzea» ez direla«nahikoa» izango.

Antonio Basagoiti

«Promesekin eta estatutuekin ez dira 900 hilotz estaltzen»

Antonio Basagoitik ez du berrikuntzarik ikusi ezker abertzalearen urratsetan. «Promesekin eta estatutuekin ez dira 900 hilotz estaltzen», esan du, eta erantsi du ezker abertzaleko kideak «sinesgarri» izango direla «bozetan ez badaude, hautetsirik, dirurik eta bozgorailurik ez badute eta hala ere ETAtik bereizi direla esaten jarraitzen badute».

Jon Abril

«Aurrerapauso handia da herri honentzat eta bakearentzat»

«Ezin liteke argiago esan», iritzi zion Jon Abrilek Rufi Etxeberriaren eta Iñigo Iruinen azalpenak entzunda; «orain euskal gizartea eskatzen ari denari erantzun behar dio estatuak, legeztatzeari». Aralarreko ordezkariarentzat «aurrerapauso handia da herri honentzat eta bakearentzat» ezker abertzaleak ETAren indarkeria errefusatu izana.

Pello Urizar

«Ezker abertzalearen konpromisoak ez du atzera bueltarik»

«Ozenago bai, baina argiago ezin daiteke esan», adierazi du Pello Urizarrek, ezker abertzaleak atzo egin zuen ETAren errefusaz mintzatzean. «Bide politiko eta baketsuekiko ezker abertzalearen konpromisoak ez du atzera bueltarik», gaineratu du. EAren Nazio Batzordeak, berriz, politika egiteko ezker abertzalearen erabakiari eragozpenak ez jartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: «Estatutu horiek ikusita, independentismoa hautestontzietan gerarazteko interesak soilik justifikatuko luke legez kanporatzea».

Oskar Matute

«Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko betebeharra dugu»

«ETAren jarduera era esplizituan ukatu dute, eta argi utzi dute bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuak ez duela atzera egiterik», azaldu du Oskar Matutek. Horrenbestez, Alternatibako eledunaren hitzetan, «zein arrazoi izan dezake edozein demokratak hauteskundeetatik kanpo segi dezaten eskatzeko? Arrazoi bakarra hauteskunde interesa da». Matuteren arabera, «dagoeneko ez dago ETA justifikatzen duen indar politikorik»; beraz, «Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko betebeharra» dutela dio Matutek.

Mikel Arana

«Dagoeneko ez dago aitzakiarik alderdi berriaren izen ematea ez onartzeko»

ETAren indarkeria «espresuki» gaitzetsita ezker abertzaleak «urrats garrantzitsua» egin du, Ezker Batuaren irudiko. Hala, Mikel Arana alderdiko koordinatzaile nagusiaren arabera, «dagoeneko ez dago aitzakiarik alderdi berriaren izen ematea ez onartzeko», eta auzitegiek alderdi berria legezkotzat joko ez balute «argi geratuko litzateke PSOEk eta PPk hauteskundeei begira eta alderdiko interesei jarraika segitzen dutela». Miguel Nuin NEBeko koordinatzaile nagusiaren aburuz, ezker abertzalearen urratsak ez du «zalantzarako tarterik» utzi.

Iñaki galdos

«Ezker abertzalea legeztatzen badute, legebiltzarra desegin eta bozetara deitu behar da»

Ezker abertzaleak bide soilik politiko eta demokratikoei jarraitzeko duen asmoan aurrerapausoak ikusi ditu Iñaki Galdos Hamaikabateko presidenteak. Horregatik, alderdi berria legeztatzearen alde azaldu da. Halaber, adierazi du auzitegiek ezker abertzalea legeztatzen badute Patxi Lopez lehendakariak Eusko Legebiltzarra desegin eta bozetara deitu behar duela, legegintzaldia bukatzea itxaron gabe.

gorka maneiro

«Oinarrizkoa da luzera begira erakundeetatik at edukitzea»

Estatutuek diotena baino gehiago, «ekintzek diotena» da oinarrizkoa, Gorka Maneiro UPDko eusko legebiltzarkidearen iritziz. Horregatik, ezker abertzaleari eskatu dio «ETArekin behin betiko hausteko». Maneiroren aburuz, alderdi berriaren aurkezpena «ezker abertzalea maiatzeko bozetan egoteko estrategia da, eta oinarrizkoa da luzera begira alderdia erakundeetatik at edukitzea».

Paul Rios

«Hertsiki eta sobera betetzen dute Alderdien Legea»

Politikoki eta juridikoki estatutuek duten edukiarekin, auzitegiek legeztatzearen alde agertu beharko dutela uste du Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek. Haren aburuz, alderdi berriaren estatutuek «hertsiki eta sobera» bete dute Alderdien Legea, eta «argi» geratu da alderdiak ETAren indarkeria «espresuki» gaitzesten duela. Riosen arabera, «ezin da argiago esan».

AVT

«Mozorro berriaren atzean betiko mezu antidemokratikoa gordetzen da»

AVT biktimen erakundearen arabera, ez dago berritasunik atzoko ekitaldian: «Mozorro berriaren atzean, betiko aurpegi, mezu, estrategia eta proiektu antidemokratikoa gordetzen da». Hala, alderdi berria inpugnatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.