Kezkatuta dago Herrira mugimendua gaixotasun larriak izan arren oraindik ere preso dauzkatenekin. Egoera muturrekoa dela uste du, eta larri dauden hamabost presoak berehala aske uztea «lehenbailehen egin beharrekoa» dela ohartarazi du Amaia Esnalek, prentsaurrekoan. «Giza eskubide urratze larriak» gertatzen ari direla eman du abisu, eta nabarmendu du ez dela egokia giza eskubideen bermea «bestelako eztabaidekin nahastea». Hala, gaixo dauden presoen zein gainerako euskal presoen giza eskubideak errespetatzeko aldarrikatu du.
Herrira-ko ordezkari Manu Ugartemendiarekin eta Jaiki Hadi elkarteko Jose Mari Unanue eta Jose Mari Basterretxearekin batera agertu zen Esnal, atzo, prentsaren aurrera. Azken bi horiek presoei osasun laguntza ematen aritzen diren medikuak dira. «Mediku profesionalek» egindako txostenak kontuan hartzeko eskatu diote Jesus Loza Eusko Jaurlaritzako Elkarbizitzarako eta Memoriako agintariari. Izan ere, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen inguruko txostena asteburu honetarako prestatuko duela iragarri zuen Lozak. Txosten hori Espainiako Barne Ministerioari bidaltzekotan da gero, preso horiek askatzeko legezko baldintzak betetzen diren aztertzeko.
Herrira-ren iritzian, «beharrezkoa» da gaixo dauden presoak askatzeko instituzioek lan egitea. Bide horretan egindako urrats oro baikorra izango dela nabarmendu du Esnalek, baina mugimenduak uste du preso horiek libre uztea dela «giza eskubideei loturik eman daitekeen pauso logiko bakarra», eta, horregatik, espero dutena horixe dela nabarmendu du. Herrira-k ez ezik, «herritar eta eragile askok eta askok» eskaera horrekin bat egiten dutela nabarmendu du, gainera.
Espetxeetan, «justifikatu ezin diren» egoerak gertatzen ari direla ohartarazi dute Esnalek eta Ugartemendiak. Minbizia duten presoak, eskizofrenia dutenak zein bihotzeko arazo larriak dituztenak, esate baterako, preso dauzkatela ekarri dute gogora. Eta euskal presoei ezartzen zaizkien baldintza bereziek gaixo daudenen egoerarekin «zerikusi handia» duela salatu dute. Izan ere, espetxeko baldintzengatik sortu dira gaixotasunak, kasu batzuetan, eta, han sortu ez direnean, egoera okertzea eragin du, kasu gehienetan. «Pertsonen osasuna asko hondatzen duten egoerak sortzen ditu kartzelak. Bakartzeak, ordu asko ziegan eman beharrak, osasun laguntza kaxkarrak, elikadura kaxkarrak, eta abar».
Mobilizaziorako deia
Egoera alda dadin mobilizaziorako beharra dagoela uste du Herrira-k, eta, horregatik, hilaren 31n Iruñean egingo den manifestaziora joateko deia egin die herritarrei. 17:30ean abiatuko da manifestazioa Golem zinemetatik, «gaixo dauden hamabost euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko».
«Urteetako gatazka egoeraren» ostean, «konponbide oso bat sustatzeko» erabakiak hartu behar direla uste du Herrira-k, «horretarako beharrezkoak diren aldaketak eginez». Izan ere, gogora ekarri du euskal presoei ezartzen zaizkien espetxe baldintzen xedea «zigorra» izan dela. «Urteetako gatazka egoeran kartzela politika berezi bat eratu da, euskal preso politikoentzakoa, espresuki: neurri ankerrekin, lege bereziekin, eta abarrekin. Zigorra izan da xedea. Zigorra presoari eta zigorra senideei». Herrira-k ez dauka inolako dudarik, hori aldatzeko ordua iritsi da.
«Urrats logiko bakarra» gaixo diren presoak askatzea dela dio Herrira-k
Giza eskubideak berehala errespetatzeko eskatu du mugimenduak, eta haien bermea bestelako eztabaidekin nahastea salatu duHilaren 31n Iruñean egingo den manifestaziora joateko deia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu