Urrats sendoz

Urriaren 17an egin zen, Aieten, gatazkaren konponbidean astinaldia ekarri zuen nazioarteko konferentzia. Nazioarteko sona handiko zenbait eragilek bost puntuko adierazpen bat sinatu zuten. Gehienak betetzeko daude.

Aieteko Adierazpenaren aurkezpena, iazko urriaren 17an. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Zalaparta handia eragin zuen Aieteko Nazioarteko Konferentziak, orain dela urtebete. Iazko urriaren 17an, nazioartean sona handia duten eragile batzuk izan ziren Donostian, eta bost puntuko adierazpen bat zabaldu zuten jendaurrean. Nabarmena zen ez zela alferrik izango Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabinete buru ohia Euskal Herrira ekarri zituen konferentzia hura. Lehen fruituak segituan eman zituen, baina motelaldia izan da gero, edukietan aurrera egitean.

Konferentzia amaitu eta hiru egunera erantzun zion ETAk eragileen deiari, eta urriaren 20ean jakinarazi zuen armak uzteko erabakia. Aro berriaren ezaugarriek «elkarrizketak eta akordioak» izan behar dutela esan zuen, eta Espainia eta Frantziako gobernuei dei egin zien elkarrizketak abiatzera.

Erakunde armatuak oraindik ez du jaso gobernu horien erantzun baikorrik. Ez, behintzat, jendaurrean. Espainiako Gobernuak, gainera, behin eta berriz esan du ez duela asmorik ETArekin hitz egiteko, eta erakunde armatuari berari dagokiola desegin eta desagertzea. Bigarren puntua bete gabe dago, beraz.

Egindako minaren aitorpenari dagokionez, ezker abertzaleak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) egin dituzte urrats batzuk. Ezker abertzaleak otsailaren 26an egindako ekitaldian, honela esan zuen: «Onartzen dugu, gatazkaren gordintasunean, alde bateko biktimenganako erakutsitako sentsibilizazioa falta izan zaiola ezker abertzaleari beste aldeko biktimenganako [...]. Ezker abertzaleak bere atsekabe zintzoa adierazi nahi du ETAren jarduera armatuaren ondorio mingarrien eta izan dugun jarrera politikoaren inguruan». EPPK-k ekainaren 2an zabaldutako adierazpenean, honela zioen, besteak beste: «Alde guztien minaz jabetzen gara erantzukizun osoz».

Jaurlaritzak ere urratsak egin ditu biktimen auzian, aurrenekoz, Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimei jasanarazi zaien sufrimendua eta bidegabekeria aitortu eta konpontzeko bidean. Ekainean, dekretu bat onartu zuen aitorpena eta ordaina emateko 1960 eta 1978 bitartean Poliziak, talde parapolizialek eta eskuin muturreko taldeek egindako gehiegikeriek eragindako giza eskubideen urraketen biktima batzuei. Beste dekretu bat ere egin asmo zuen gobernuak 1979tik orain arteko kasuekin, baina legegintzaldia amaitu denez, denbora faltagatik, ez du aurrera egingo.

Alderdi eta eragileen arteko elkarrizketak, berriz, oraindik ez dira abiatu Hegoaldean, nahiz eta alderdi gehienak elkarrekin harremanetan egon —PPk uko egiten dio ezker abertzalearekin biltzeari—. Iparraldean, jendaurrean mahai ofizialen berririk ez da eman, baina, elkargoa lortzeko, elkarlanean ari dira alderdiak.

Kontuan hartzeko moduko beste urrats bat ere izan da urtebete honetan; ezker abertzalea legezko bihurtu da, eta alderdi propioa dauka: Sortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.