Urratsak azkar egiteko eskatu die ezker abertzaleak PPri eta PSOEri

Pauso horiek ezker abertzalearen legeztapenean eta presoen egoeran eman behar direla adierazi du Niko Morenok«Inposizioak» errefusatzeko, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Bilboko kaleetan

Bilboko Aste Nagusiaren egun handian, ikurrinez bete zituzten kaleak atzoko manifestazioan parte hartu zuten herritarrek. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Orain arteko jarrera alde batera utzi, eta «konponbide prozesuan murgiltzeko» eskatu zien atzo ezker abertzaleak PP eta PSOE alderdiei, Bilbon egindako manifestazioaren osteko ekitaldi politikoan. Bi alderdiok «egoera berria baldintzatzen eta blokatzen saiatzeari» utzi behar diote, ezker abertzalearen aburuz, irtenbide prozesua «denentzat onuragarri» delakoan.

Norabide horretan, ezker abertzaleak uste du urratsak «lehenbailehen» egin behar direla, bi arlo jakinetan: ezker abertzalearen legeztapenean, eta euskal presoei ezartzen zaien «espetxe politika kriminala» bertan behera uztean, «baldintzarik gabe, aldebakartasunez eta modu egiaztagarrian», aipatutako ekitaldian ezker abertzaleko kide Niko Morenok adierazi zuenez.

Bereziki, Patxi Lopez lehendakariari eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari zuzendu zitzaien Moreno, eta «nahasten eta ezker abertzalea etengabe interpelatzen ibili beharrean», errepresio jarduerak eta eskubideen urratzeak alboratu eta «garai honek eskatzen duen maila» emateko eskatu zien.

EAJ ere gogoan hartu zuen Morenok, eta, «aitzakia hutsalak jarri gabe», galdera bati erantzuteko eskatu zien ezker abertzaleko kideak: «Zergatik uko egin indarrak metatzeari, herri gisa dagokigun erabakitze eskubidearen defentsan?».

Aro berriarekin engaiatuta

Aukera baliatu zuen Morenok ostera ere berresteko ezker abertzalearen «konpromisoa» egoera berriarekin: «Inongo indarkeriarik gabeko Euskal Herria nahi dugu, inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta torturarik gabea. Herriak hitza eta erabakia izango duen Euskal Herria nahi dugu».

Aro berri hori erdiestea «inoiz baino eskuragarriago» dagoela adierazi zuen Morenok, eta zeregin horretan ezker abertzalearen militanteek eta herri sektoreek egindako lana goraipatu zuen, lan horrek ireki baitu, haren ustez, «garai berri honen atea». Bereziki, «bidean gelditu diren burkideen kemena» izan zuen Morenok gogoan.

Morenok hitza hartu baino lehen, Larraitz Cisneros Bilboko Aste Nagusiko txupinera izandakoak berba egin zuen, manifestazioaren antolatzaileen izenean. «Normalizazioaren mozorroarekin Euskal Herria espainiartzeko ahaleginak» salatu zituen, eta, ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren zeregina nabarmendu zuen, «zilegitasun demokratikorik gabeko gobernu horrek Euskal Herrian errealitate birtual bat sortzeko egitasmoa eremu guztietara» eraman baitu, bere ustez.

Manifestazio jendetsua

Inposaketarik ez! Nazioa gara lelopean egindako manifestazioaren ostean egin zituzten Morenok eta Cisnerosek adierazpenak. Manifestazioa ordu erdi bat lehenago abiatua zen Jesusen Bihotza plazatik, 12:15ean, Bilboko jaietako egun nagusiarekin bat eginik.

Manifestazioaren buruan ikurrin handi bat zihoan, konpartsetako kideek eramana, eta, horren atzetik, mobilizazioaren goiburua idatzita zeukan pankarta. Manifestaziora deitu zuten herritarrek zeramaten pankarta: besteak beste, Larraitz Cisneros, Irkus Robles artista eta Aste Nagusiko pregoilari izandakoa, Edorta Jimenez idazle eta Marijaiaren kantuaren letraren egilea, Iker Uriguen konpartsakidea eta beste batzuk han zeuden.

Lagun ugarik egin zuen bat manifestazioarekin. Horren ibilbidea ohi baino laburragoa izan zen, eta udaletxearen aurrean amaitu behearrean, Moyua plazan bukatu zen, Jose Antonio Agirre lehendakariaren estatuaren ondoan, eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritza zaintzen zuten ertzainen begiradapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.