Urratsen premiaz ohartarazi du Gernikako Akordioak

Abiatutako prozesua egonkortzeko euskal presoen auzian pausoak eman behar direla azpimarratu du

Urteko balantzea egiteko Gernikako Akordioko sinatzaileek atzo egindako agerraldia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
«Garrantzi handikoa» izan da 2011. urtea, Gernikako Akordioa sinatu duten eragileen ustetan: «Itxaropenaren leihoa parez pare zabaltzea lortu dugu». Bidean «traba eta oztopo» asko egon direla azaldu dute, baina «ilusioari oinarri sendoak» jartzea lortu dela. Edozein kasutan, konponbiderako bidea egonkortu dadin eta ezerezean gera ez dadin urratsen premia dagoela ohartarazi dute. «Jokaleku berrian sendo aurrera egin dezagun, estatuak urratsak egiten hasi behar du». Nondik hasi ere esan diote: «Espetxe politika aldatuz, euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak errespetatzeak izan behar du lehen urratsa».

Urteko balantzea egiteko, agerraldia egin dute Gernikako Akordioa izenpetu zuten eragileetako ordezkariek. TATeko Lorea Bilbaok eta AAMko Jon Garaik Gernikako Akordioaren baliagarritasuna berretsi dute, sinatzaileen izenean. Akordioa gatazka konpontzeari begirako «ibilbide orria» dela eta lorpen handiak ekarri dituela adierazi dute.

Biktima guztiekiko aitortza izan da sinatzaileek egindako azken ekitaldia. Aurrez ere «konponbide osoaren alde» egin dutela azaldu dute, «galtzailerik gabeko prozesua» bultzatuz; gaixo dauden presoak askatzeko, alderdi eta elkarte guztiak legeztatzeko eta jardun politikoagatik auzipetuak dituztenak absolbitzeko aldarrikatu dutela.

Elkarrizketa politikoa sustatzea izan da akordioaren beste eginbehar bat. Denekin mintzatzea «ezinezkoa» izan dela azaldu dute, eta oztopoak izan dituztela Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin biltzeko. Hala ere, presoen kolektiboarekin harremanak izan, eta haren atxikimendua jaso dutela gogorarazi dute. Bat egite hori, gainera, konponbiderako prozesuan «mugarri» dela diote.

Akordioaren sinatzaileen ustez, bi gertaera nagusik ahalbidetu dute 2011 «itxaropenaren urtea» izatea: Aieteko Konferentziak, eta, «batez ere», ETAk jardun armatua betiko amaitzeko hartutako «erabaki historikoak».

Eragile politiko guztiei

Aieteko Adierazpenak gatazka «osoki» konpontzeko alde guztiek egin beharreko ibilbide zehatza biltzen duela dio akordioak. Eta ETAk adierazpen hori bere egin izanak bidea abiatu duela. Beraz, sinatzaileen ustez, gainontzeko eragileak «hurrengo pausoak emateko jokalekuan daude, nahitaez»; batetik Espainiako eta Frantziako gobernuei, eta bestetik Euskal Herriko «eragile politiko guztiei» dagokie urrats horiek egitea, gatazka amaitzeko «abagunea» dagoela seguru baitaude. Aukera «paregabea» dela diote. Historia izango dela «lekuko», eta Euskal Herriko gizartea «epaile».

Espainiako eta Frantziako estatuak ez direla behar bezala ari uste dute, ordea. Frantziako Estatuak «arazoa berea ez balitz bezala» jokatu duela eta Espainiakoak «blokeo egoerari» eutsi diola, «egoera berria zaharrarekiko antzekoegia» bihurtuz. Areago, Espainiako Estatuak prozesuaren aurka egin duela uste dute. Horren erakusle dute aurten 73 euskal herritar atxilotu dituela, gazte independentistei jazarri zaiela, eskubide zibil eta politikoen murrizketei eutsi diela eta hamabi herritar torturatu dituela.

Espetxe politika «ankerrak» ezaugarritzen du ongien Espainiaren jarrera, Gernikako Akordioaren hitzetan: «Eskubidez eta legez kalean egon beharko luketen ehunka preso politikok giltzapean segitzen dute». Beraz, zigorra beteta daukatenak, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko epea gainditu dutenak eta gaixo daudenak berehala askatzeko eskatu du. Eta gainontzekoak lehenbailehen Euskal Herrira ekartzeko.

Hain zuzen, prozesuak aurrera egin dezan, presoei dagozkien eskubide horiek gauzatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Hala izan dadin presio egiteko, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziora joateko eskatu du Gernikako Akordioak.

Urizar, Raxoiri deika

Presoen auziari heltzeko eskatu dio Pello Urizar EAren idazkari nagusiak ere Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari. Etorkizunerako ikuspegiz joka dezala eta euskal presoak Euskal Herrira eraman ditzala eskatu dio, eta gogorarazi legeak horretarako bidea ematen duela. Laster Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentearekin bilduko dela jakinarazi du Urizarrek, eta azaldu du gaia alderdi barruan landu dezala proposatuko diola. Izan ere, Urizarren ustez, EAEko PPk askoz argiago du zein urrats egin behar diren normalizaziorako, Espainiakoak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.