Duela bi egun hartutako erabakian atzera egin du Dennis Baily epaileak eta, familiak jarritako helegitea onartuta, Pablo Ibarren aurkako hirugarren epaiketa urriaren 1ean hastea onartu du. Candido Ibar presoaren aitak eman du epailearen erabakiaren berri.
Hala, fiskaltza eta defentsako abokatua urriaren hasieran hasiko dira epaimahaiko kideak aukeratzen, baina ohartarazi dute prozesua lau edo sei aste luza daitekeela. Izan ere, epaimahaiaren aukeraketa oinarrizkoa da, hark erabakiko du Ibarren etorkizuna.
Klub baten jabea eta han lanean ari ziren bi neska hiltzea egozten diote Ibarri, eta arrazoi horregatik heriotzara zigortu zuten. Gerora, ordea, erabakia bertan behera utzi zuten argudiatuta urratu egin zituztela atxilotuaren eskubideak. Ibarrek 24 urte daramatza preso.