Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiari lotutako eguna ere bada urriaren 25a. Ibarretxe aurreneko aldiz Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautatua atera zeneko bozak urriaren 25ean izan ziren. Hain justu 1998ko urriaren 25ean. 2003an, egun hori aukeratu zuen Eusko Legebiltzarrak Ibarretxeren plana izenaz ezagun egin zen Eusko Jaurlaritzaren Estatutu Berrirako Proposamena bozkatu zezan. Sozialista Abertzaleen ustekabeko hiru aldeko botorekin onartu zen proposamen hura. Espainiako Kongresuak bota zuen atzera, gero. Doktore tesia, berriz, 2010eko urriaren 25ean irakurri zuen.
Sinbolismo handiko eguna da urriaren 25a, eta 1839koak du protagonismoa. Egun hartan, Baldomero Espartero Dukeak Foruen Berrestea izeneko legea ezarri zuen. Testuak zioen Nafarroako Foruak eta herrialde baskongatuen Foruak "berresten" zirela, horrek "konstituzioak ezartzen duen batasunean eraginik izan gabe". Foruak bertan behera geratu ziren.