Urrirako greba deialdia egin dute larrialdi zerbitzuetan diharduten sendagileek

Jarduera espezializatzea nahi dute, eta protestei erantzunik eman ezean urrian greba egingo dutela jakinarazi dute

2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Urgentzia eta Larrialdien Medikuntza Elkarteak, Semesek, grebarako deialdia egin du urrirako. Sindikatuen babesa lortuko balu, anbulantzietako, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetako, zein ospitaleetatik kanpokolarrialdietarako sendagileek hartuko lukete parte lanuztean. Beren eskaera argia da: larrialdietako medikuak prestatzeko espezialitatea sortzea, barruko mediku egoiliarren azterketaren bidez bertan sartzeko. Hego Euskal Herrian mila sendagileri baino gehiagori eragingo die greba deialdiak.

Gaur egun ospitaleetako larrialdi zerbitzuak sendagile arrunten esku daude. Oro har, profesionalen %40 familia eta komunitate medikuntzako espezialistak dira; %10 barne medikuntzakoak; %5 beste arloetakoak; eta gainerako %45ek ez dute inolako espezialitaterik. Horregatik, Semesek adierazi duenez, alor horretan ezinezkoa da profesionalen «homogeneotasuna» ziurtatzea; hori, ostera, «pentsaezina» da gainerako medikuntza esparruetan.

Egonezina areagotu egin da azken asteetan. Izan ere, Leire Pajin Espainiako Osasun ministroa eta Jose Martinez Olmos Ministerioko idazkari nagusia ados azaldu dira larrialdietako medikuen espezialitatea sortzeko proposamenarekin. Ostera, Familia Medikuntza Batzordeak aditzera eman duenez, posible litzateke Osasun Ministerioak erabakia aldatu, eta «espezialitatea» bere horretan ez garatzea; horren ordez, «tarteko» bide bat jarriko luke martxan.

Semesek azaldu duenez, tarteko konponbideak urratu egingo luke Espainiako Parlamentuak 2007an emandako agindua. «Larrialdietako espezialitatearen enborreko prestakuntza garatu ahal izateko urratsak egiten hasteko agindua eman zuen parlamentuak», zehaztu du, «eta, gainera, espezialitatea sortzeak asko arinduko lituzke larrialdi zerbitzuetan izaten diren gehiegizko lanaldiak».

Sindikatuen bat egitea

Agustin Gutierrez SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuko bozeramailearen aburuz, sindikatuek ez dute oraindik azaldu lanuztearekin bat egingo dutenik. Halaber, eskaera begi onez ikusiko dutela eta deialdiarekin bat egingo dutela uste du. Semesek, berriz, deialdiaren inguruko xehetasunak eztabaidatuko dituztela esan du, eta, ondoren, erabakiak hartuko dituztela.

Aurreikuspenen arabera, Semesek irailetik aurrera antolatuko ditu mobilizazio, elkarretaratze eta protesta jarduerak. Horien ondorioz ados jarriko ez balira, urrian grebarako deialdia egingo lukete. «Gure aldarrikapenak ez dira lanari dagozkionak, ezta ordainketarekin loturikoak ere; horren ordez, heziketaren kalitatea da ziurtatu nahi duguna, eta, horrekin loturik, eskainitako zerbitzuen maila», nabarmendu du Semesek; «hori bai, gure lanuzteek bezeroei ahalik eta kalte gutxien egin diezaieten saiatuko gara».

Oporretan ordezkorik ez

Nafarroako Ospitale Guneak jakinarazi duenez, abuztuan ez ditu ordezkapen kontratuak egingo, eta hilaren 1etik aurrera iritsitako opor eskaerak itzuli egingo ditu. Era horretan, langileek azken orduko eskakizunak egitea saihestu nahi du, eta kontratu berrien ordez, ordezkatzeak beharginek elkarren artean antolatzeko aukera hobetsi du. Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuak argitu duenez, erabakiaren arrazoiaaurten gehiegizko ordezkaketa eskariak egin izana da.

Sindikatuen ustez, baina, neurri honen atzean Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuak aurrera daraman murrizketa politika dago. Ordezkapen kontraturik egiten ez bada, langileria gehiegi kargatuko dela, itxaron zerrendak bete egingo direla eta gaixoei eskainitako atentzio zerbitzua txartu egingo dela ohartarazi dute sindikatuek. Josetxo Mandado ELAko ordezkariarentzat gezurra da arlo publikorako dirua falta dela: «Kontu horrekin lortzen duten bakarra langileak ez ordeztea eta zerbitzuei kalte egitea da; azkenik, dena pribatizatzen amaituko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.