Gorka Urtaran Gasteizko alkatea berriro mintzatu da Errekaleorreko bizilagunen kontra, eta gogor egin ide: "Hau baldin bada Gasteizerako duten autogestio eredua, aurrean izango naute", esan du. Radio Euskadin elkarrizketatu dute Urtaran astearte goizean, eta salatu du bere ustez udal gobernua higatzeko estrategia bat dutela etxebizitzak okupatzen dituztenek.
"Eredua baino gehiago, kokapena bihurtu da kontra egiteko gakoa. Eta horri gehitzen badiozu hango bizilagunen kolektiboa Ernaik eta ezker abertzaleko gazteek zuzentzen dutela, hobeto ulertzen da zergatik bihurtu den Errekaleor udalari kontra egiteko zerbait, autogestio eredu bat defenditzeko baino gehiago", adierazi du alkateak.
Kokapenaren kontu horri zehaztasunak egin dio: "Dirudienez, haientzat lehentasunezkoa ez da proiektua, baizik eta kokapena. Eta iruditzen zait proiektua garrantzitsuena ez denean, baizik eta kokapena udalari kontra egiteko, hor udal gobernua higatzeko estrategia bat dagoela".
Are gehiago, alkateak aurrez aurre jarri nahi izan ditu Errekaleorreko bizilagunak eta Gasteizko gainerako biztanleak. Esan du ez dakiela zergatik ez duten Errekaleorreko bizilagunek ezer ordaindu behar eta besteek bai. Urtaranentzat, ezin da onartu ezer ordaintzen ez den eredu bat: "Han bizi dena bizi baita udal etxebizitza batzuetan, ez urik, ez argindarrik, ez errentarik, ez ezer ordainduta".
Alkateak adierazi du bizilagunen borroka Errekaleorri "bai ala bai" eustea dela, eta ez proiektua. Haren hitzetan, proiektuak mereziko balu, udalaren eskaintza onartu beharko lukete, "gaur egun onartzen ez dituzten arau batzuk errespetatuz".
Urtaranen arabera, Gasteizko Udalak 22 milioi euro gastatu ditu azken urteetan Errekaleorreko bizilagunak beste leku batzuetara eramateko. Haren hitzetan, etxebizitza horiek ezin dira berritu, egoera txarrean daudelako, eta eraistea beste aukerarik ez dago. "Elkarrizketa eta negoziazioa eskaini nituen, euren autogestio eredua beste leku seguruago batera eramateko. Ez gaude ereduaren aurka, baina ez dugu onartuko seguruak ez diren etxebizitzetan gauzatzea".
Aurreko astean, arkitekto talde batek egin zuen txostena aurkeztu zuen Errekaleorreko bizilagunen alddeko Errekaleor Bai taldeak; ondorioztatu dute auzoak higiene eta bizigarritasun baldintzak betetzen dituela. Alkateak, ordea, gaur esan du Errekaoleorreko etxebizitzak ez direla seguruak.
EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Irabazik aurreko astean argitu zuten eraikinek ez dutela egiturazko arazorik, alkateak lehenago hala salatu bazuen ere. Urtaranek gaur esan du txosten teknikoak guztien eskura daudela, eta bera ez dela "txosten borroka batean" sartuko. "Industria delegazioak ere argindarra mozteko eskatu behar izan zuen, ezbeharrik ez gertatzeko", gaineratu du.