Indarkeria matxista

Urtaranek "onartezintzat" jo du Mozkorraldi kuadrillak indarkeria matxista ukatzeko pankartak erakutsi izana

Gasteizko Udalak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian. Alkateak jakinarazi du Udaltzaingoak beste gizonezko bat atxilotu duela gaur, emakume bati ukituak egiteagatik.

Azken egunetako sexu erasoen kontrako elkarretaratzea, gaur, Gasteizko udaletxe parean. GASTEIZKO UDALA
2019ko abuztuaren 8a
22:03
Entzun

Gasteizko Udalak deituta, azken egunetako sexu erasoen kontrako elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, udaletxearen parean. Gorka Urtaran alkateak aipamena egin die atzo Mozkorraldi kuadrillak kalejiran erakutsi zituen pankartei. Kuadrillako zenbait kidek indarkeria matxista ukatzen duten mezu batzuk zabaldu zituzten. Biolentzia jarrera kontua da, ez genero kontua, jarri zuten batean; Salaketa faltsuak = tratu txarrak = zigor bera, bestean. Blusa eta Nesken Federazioak kuadrilla taldetik kanporatzea erabaki zuen berehala.

Urtaranen esanetan, "onartezina" da halako mezuak zabaltzea. Alkateak gaitzetsi egin du udalak sexu erasoen kontrako protokoloa ezarri duen egun berean erakutsi izana pankarta horiek. Nabarmendu du sexu erasoen salaketa faltsuak "oso gutxi" direla eta ezin direla parekatu indarkeria matxistak duen larritasunarekin.

Beste eraso bat

Horrez gain, alkateak jakinarazi du Gasteizko Udaltzaingoak beste gizonezko bat atxilotu duela gaur goizean, hiriko erdigunean emakume bati ukituak egiteagatik. Atxilotuak 34 urte ditu. Urtaranek azaldu duenez, gizonezkoa "mozkortuta" zegoen, eta egoera hori baliatu du emakumeari ukituak egiteko. Nabarmendu du halako jarrerek ez dutela tokirik Gasteizen. Udalak sexu erasoen kontrako protokoloa abiarazi du gaur, bigarren egunez jarraian. Beraz, jaiak hamar minutuz etengo dira gauerdian.

Gasteizen, hainbat sexu eraso izan dira jaietan, gaurkoaren aurretik. Mugimendu feministak salatu duenez, hiru erasoren berri jaso du. Horietako batengatik, gizonezko bat espetxera bidali zuen epaileak atzo. Igande goizaldean, gasolina zerbitzugune batean emakume bati eraso egitea leporatuta espetxeratu dute.

Donostian eta Bilbon ere hainbat sexu eraso izan dira aste honetan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.