Urtarril arteko kultur haizea igorri diete sortzaileek preso eta iheslariei

Urtarrilaren 7an Bilbon presoen eskubideen alde egingo den manifestazioa «kolosal» bihurtzeko eskatu dute kultur sortzaileekSormenak edonor edozein lekutara eraman dezakeela eta, sormena eskaini diete presoei

Eriz Perez eta Naroa Gaiza musikariak Zuentzat abestia kantatzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Durango
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Irudimenak, literaturak, kantuak, sormenak badu norbera denboran eta lekuan aldatzeko ahalmena. Beste edonora eramatekoa. Ondo dakite hori presoek, ziegetatik ihes egiteko modua izaten baitute horrela. Hegan, kaiolatik ihes egiten duen txori bihurtzen ditu kultur sormenak. Haize iturri zaie. Horixe erakusten dute kartzelan edota sasian diren idazleen emari oparoek. Horrexek bihurtzen ditu idazle, poeta zein marrazkigile, aurrez hala ez zirenak. Euskal kultur sortzaileek dakitena erabili dute kartzeletara iristeko, sasian nonahi direnenganaino heltzeko. Urtarrilaren 7a arteko kultur haizea igorri diete. Eta, kultur emanaldia eginda, urtarrilean Bilbon presoen eskubideen alde egingo den manifestazioa «kolosala» izan dadin deia egin dute kulturaren sehaskatik, Durangotik.

Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariek «ziegetarainoko zubi goxoak» eraikita hasi dute emanaldia, «barrote artean» direnak bertsoen bidez «libre» egiteko.

Naroa Gaintza abeslaria eta Mireia Delgado ipuin kontalaria preso banaren izarapean jarri dira, Mikel Antza presoak Bakarmortuko kronikak liburuan jasotako olerkia irakurrita. «Sarea zulatu» beharraz aritu dira; kartzelako «orman» gora eta behera ibiltzeko «izarazko soka» egiteari buruz; zulatu dute sarea, egin dute soka, eta izarape berean egotea lortu dute bi presoek, poesiaren bidez.

Mikel Markez musikariak Joseba Sarrionaindiaren hitzak kantatu ditu: Preso egon denaren gogoa olerkia lehen aldiz kantatu du jendaurrean. Preso egon denaren gogoa beti kartzelara itzultzen dela diote Sarrionaindiaren hitzek. «Buelta eman behar diogu egoerari; presoak askatzea lortu behar dugu eta kartzelara oroimenean soilik itzultzea», adierazi du Markezek.

Sei urtez preso egon ostean, kalera itzuli berri da Ibon Meñika; hark Anzaren Denbora eta Kartzelaren Irakaspenak olerkiak irakurri ditu. «Kartzelaren irakaspenak esanda, kartzelatik zerbait ona atera daitekeela iradokitzen da», ohartarazi du. «Kartzelatik atera daitekeen gauza on bakarra gu gara; gu, osorik eta duin».

Naroa Gaintza eta Eriz Perez musikariek Zuentzat kantua eskaini diete presoei, eta Gotzon Baradiaran idazleak eman dio amaiera gero ekitaldiari, presoak sorkuntzaren bidez «bere burua itotzen duen denbora eta lekutik» nola ateratzen diren kontatuta. «Bada garaia euskaldunok kartzelari edota sasiari buruzkoak, kartzelatik kanpo eta sasitik urrun idazteko, kontatzeko», aldarrikatu du. Horretarako, urtarrilaren 7ko manifestazioan urratsak egiteko eskatu du.

Ordurako, Borja Urberuaga marrazkigileak ekitaldiarekin batera hasitako marrazkia amaitua izan du. «Kartzelari, errepresioari eta manipulazioari» atera dio «mihia» irudiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.