Urtarrilaren 7ko manifestaziora joateko deia egin dute ehun abokatuk

'Parot doktrinari' buruzko erabakia berehala har dezala eskatu diote Auzitegi Konstituzionalari

Abokatuen ordezkaritza batek agerraldia eginda eman dio babesa manifestazioari. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zein atzerriko ehun abokatuk bat egin dute Egin Dezagun Bidea taldeak kaleratu duen manifestuarekin, talde horren helburua euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika, «mendeku izateari utzita, konponbide demokratiko baten gako bihurtzea» dela eta. «Euskal preso politikoek pairatzen dituzten salbuespen neurri eta legeei» desadostasuna adierazi, eta bat egin dute urtarrilaren 7an Bilbon egingo den herri mobilizazio orokorrarekin. Manifestazioan parte hartzeko eskatu diete bai «komunitate juridiko osoari» eta bai gizarteari.

Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak legez kontrakoak direla sinetsita, horiek indargabetzeko lanean ari dira hainbat abokatu. Jardunaldiak ere egin dituzte hartarako, eta ondorio argia atera dute: Espainiako eta Frantziako gobernuek neurri administratibo soilekin irauli dezakete egoera; «inolako lege aldaketarik gabe, posible dute oso denbora laburrean sakabanaketa amaitzea, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak askatzea, eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak kaleratzea», ohartarazi du Iñigo Santxo abokatuak.

Euskal presoei ezartzen zaien beste salbuespen neurri bat ezabatzeko premiaz ere ohartarazi dute abokatuek: Parot doktrina esaten zaiona bertan behera berehala utzi beharraz.

Doktrina ezarrita, espetxe zigorrak urte asko luzatzen ari zaizkie euskal presoei, atzerako eragina ezarrita, gainera. Hori legez kontrakoa dela diote abokatuek, eta aurkako dozenaka helegite aurkeztu dituzte. Auzitegi Konstituzionalaren esku dago orain erabakia, eta epaia urteak atzeratzen ari da.

Auzitegiek behin betiko erabakia eman artean, neurria eteteko eskatu izan dute abokatuek. Auzitegi Konstituzionalak ezezko erantzuna emana du, baina, kalte konponezinak saihestu beharragatik, erabakia premiaz hartzeko hitza emanda. Ia bost urte dira hori lehen aldiz esan zuenetik, eta, zenbait kasutan, «beranduegi» da dagoeneko. Kandido Zubikarai eta Jon Agirre kalean dira, esaterako, doktrina ezarri ondorengo zigorra oso-osorik beteta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.