Urtarrilaren 7ko martxak hamar milatik gora atxikimendu lortu ditu

Bilboko manifestazioa espetxe politika aldatzen hasteko urrats positiboa izango dela uste dute antolatzaileek

Manu Ugartemendia eta Amaia Esnal, Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideak, atzoko agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Donostia
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Herritarren eta eragileen parte hartzea eta konpromisoa ikusita, «ematen du kolosala izango dela». Baikor daude Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideak, uste baitute urtarrilaren 7rakoBilbon presoen eskubideen alde antolatu duten mobilizazioak erantzun ezin hobea izango duela. Manifestazioak orain arte jasotako atxikimenduen berri eman zuten atzo. Azkenengo sei asteetan, hamar milatik gora atxikimendu jaso dituzte. Mota guztietako eragileek eta herritarrek bat egin dute urtarrilaren 7ko martxarekin, antolatzaileek nabarmendu dutenez: irakasleak, gazteriaren mugimendukoak, zuzenbide arlokoak, osasun arloko profesionalak, komunikazioaren mundukoak, nazioartekoak...

Alderdi politikoen eremuan, Euskal Herrian, Abertzaleen Batasunak, Alternatibak, Amaiurrek, Aralarrek, Bilduk, Euskal Herriko Komunistek, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak azaldu diote atxikimendua Egin Dezagun Bidea taldearen mobilizazio orokorrari. Milaka atxikimendu horien artean, pertsona ezagunak daude; adibidez, Aimar Olaizola, Aitor Sarriegi, Amaia Zubiria, Anje Duhalde, Angeles Iztueta, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Garbiñe Biurrun, Josep Lluis Carod-Rovira, Kepa Junkera, Maialen Lujanbio, Txema Montero, Txiki Begiristain eta Uxue Alberdi, bestak beste.

Duela bi aste Donostian eta hainbat herritan egindako baraualdia gogora ekarriz, presoen eskubideen aldeko konpromisoa «gero eta handiagoa» dela nabarmendu zuten Amaia Esnalek eta Manu Ugartemendiak, Egin Dezagun Bidea ekinbidearen izenean. Haien ustez, «presoen afera agenda politikoan dago» eta euskal gizartearen «gehiengo argi bat» espetxe politika alda dezaten eskatzen ari da, eskubideak errespeta daitezen, eta, halaber, konponbidea sustatzeko.

Erabaki ausartak

Espainia Gobernu berriari dagokionez, «aldagai erabakigarria» izango dela uste du Egin Dezagun Bideak. «Ezin du beste alde batera begiratu, erabaki ausartak hartu beharko ditu». Azkenik, urteko azken ostiralean, datorren larunbatean Martuteneko eta Zaballako espetxeetarako martxetan eta urtarrilaren 7ko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. «Bilbokoa urrats positiboa izango da espetxe politika aldatzen hasteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.