Urte eta erdi arteko kartzela jarri diete Korrikan presoen argazkiak erakutsi zituztenei

"Terrorismoa" goratu zutela egotzita, David Urdin, Irati Mujika, Oihan Ataun eta Mikel Marini urtebeteko zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak, Josu Esparzari urte eta erdikoa. 

2012ko maiatzaren 31
19:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak kartzela zigorra jarri die 2009ko Korrikan Iruñean euskal presoen argazkiak erakutsi zituzten bost laguni, "terrorismoa" goratu zutelakoan: David Urdin, Irati Mujika, Oihan Ataun eta Mikel Marini bakoitzari urtebetekoa, eta Josu Esparzari urte eta erdikoa, aurrekariak dituela egotzita.

Halaber, Urdin, Mujika, Ataun eta Marini zazpina urteko inhabilitazioa ezarri die, eta Esparzari zortzikoa.

Epaiak aitortzen du Esparzak ez zuela presoen ikur edo irudirik orduan, baina dio garai hartan Amnistiaren Aldeko Mugimenduen bozeramailea zela eta Korrikan lau lagun haien aurretik "modu nabarmen batean" zihoala.

Lehengo astean epaitu zituzten. Fiskaltzak hemezortzina urteko espetxea eskatu zuen, terrorismoaren gorazarre egitea leporatuta. Presoen "eskubideen urraketak" direla-eta Korrikan irudiak "elkartasun" bezala erakutsi zituztela esan zuen Esparzak.

Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak "sorgin ehiza" salatu zuen. "Euskal preso politikoekin elkartasuna agertzeagatik epaitu dituzte bost lagun horiek, presoei ezartzen dizkieten salbuespen neurriak salatzeagatik eta horretarako, elkartasunari apologia deitzen diote".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.