Hemezortzi hilabete zituen haurrak, besterik ez. Aitak itsasora bota eta ito egin zuen, Zarautzen (Gipuzkoa). Epaileak 21 urteko kartzela zigor bat ezarri zion gizonari; hemeretzi urtekoa hilketagatik, eta bi urtekoa bikotekide ohiari heriotza mehatxuak egiteagatik. Harreman nahasi eta bortitza izan zuten hildako umearen aitak eta amak, eta umea mendeku gisa hil zuen gizonak, 2010eko urriaren 7an.
Ikusi gehiago
Umearen ama errumaniarra zen jaiotzez, eta aita marokoarra, 44 urteko gizon bat. Gizonak bortizkeria handiz tratatzen zuen, eta emakumeak bi umeak hartu —bost urte lehenago beste ume bat eduki zuen beste gizon batekin—, eta Errumaniara itzuli zen, ihesi.
Baina ama Euskal Herrira itzuli zen 2010eko uztailean, bi umeekin. Kontu legal batzuk konpondu nahi zituen bikotekide ohiarekin. Gizona bere umea bahitzen saiatu zen orduan —umeak hamabost hilabete zituen orduan—. Harrapatu, eta atxilotu egin zuten orduan. Lehenago ere beste 11 alditan atxilotua zuten gizona; horietako aldi batzuetan, bere bikotekidea jotzeagatik.
Emakumeak gizarte zerbitzuetara laguntza eske jo zuen uda hartan pare bat alditan. Harrera etxeetan ere egon zen bolada batean, bere bi umeekin. Baina utzi egiten zituen etxe horiek. Gipuzkoako Foru Aldundiak, gerora, esplikatuko zuen berak ezin dituela emakumeak harrera etxeetan egotera behartu, nahi ez badute.
Bitarte horretan, edozein moduz, 44 urteko gizon horrekin ere egon zen emakumea; azkenekoz, urriaren 5ean. Eibarren (Gipuzkoa) egon ziren, gizonaren etxean. Berriz eztabaidatu zuten, eta emakumeari kolpe gogorrak eman zizkion gizonak. 23:30 aldera, 5 urteko umea hartu, eta etxetik ihes egitea lortu zuen emakumeak.
Hurrengo egunean, urriaren 6an, emakumearen bila jardun zen gizona. Telefonoz ere deitu zion. Emakumeak, orduan, esan zion Errumaniara joango zela ostera, eta umea itzultzeko eskatu zion. Haserretu egin zen gizona ostera, eta mehatxu egin zion andreari. Gau hura Zarautzen pasatu zuten gizonak eta bere hemezortzi hilabeteko umeak, txabola batean. Gizonak lehendik ezagutzen zuen leku hori.
Urriaren 7ko goizaldean esnatu egin zen gizona. Umea hartu zuen, hondartzara jaitsi zen, eta ito egin zuen umea, uretan. Gizonak berak deitu zion Poliziari, 05:20 aldera. Ertzainei esan zien lo hartu zuela, eta umeak ihes egin ziola. Bilaketa lanak hasi zituzten, eta goizeko bederatzietan aurkitu zuten umearen gorpua, itsasbazterrean.
Poliziari kontatu zion bertsioa gorabehera, atxilotu egin zuten aita. Garai hartan, Bilboko auzitegi batek gizona bilatzeko emandako agindua indarrean zegoen. Poliziek ez zioten sinesgarritasun handirik eman gizonaren bertsioari, bestalde.
Epaiketa egin arte hiru urte baino gehiago pasatu ziren. Adituek azaldu zuten hiltzaileak eskizofrenia bat zuela, eta behin baino gehiagotan zentro psikiatrikoetan ingresatu ere egin zutela. Edan eta erre egiten zuen gainera, eta horrek ez zion laguntzen, haien esanetan. Hala ere, nabarmendu zuten umea hil zuen momentuan bere ahalmen gehienen jabe zela, eta bereizten zuela zer egiten ari zen.