Urte osoan musutruk lanean aritzen diren boluntario guztiek abestuko dute Artillero aurtengo Donostiako Aste Nagusian. Halaxe jakinarazi zuen atzo Donostiako Udalak. Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduradunaren arabera, "donostiar asko eta asko aritzen dira festetan boluntario lanean, eta euren esfortzua aitortu nahi izan dugu Artillero abestera gonbidatuta. Izan ere, euren lan isil eta onagatik eramaten ditugu aurrera jaiak". Aste Nagusiak antolakuntza handia eskatzen du, Txapartegiren esanetan, eta "jairik ez litzateke egongo boluntariorik ez balego". Festetan ez ezik, urte osoan ere 60-70 bat lagun aritzen dira boluntario lanetan.
Askotariko lanak egiten dituzte. Besteak beste, musika taldeei laguntzen aritzen dira, edariak eta janariak eskaintzen, eskuko egitarauak eta bestelakoak banatzen, hesiak eta orotariko azpiegiturak mugitzen, estropadak daudenean jendea antolatzen, desfileetan bidea irekitzen, ekintzak koordinatzeko bilerak antolatzen, haur jarduerak prestatzen... Txapartegiren esanetan, boluntario horiek ez dute inolako diru saririk jasotzen egindako lanaren truke, eta txalotzekoa da izaten duten jarrera: "Bazkari edota afari batekin eskertu izan diegu boluntarioei eginiko lana. Oraingoan, sari potoloagoa izango dute".