Urtebeteko eskaera, Jon Anza desagertu izana salatzeagatik

Auzitegi Nazionalak epaitu dituen bi gazteek diote pintaketekin «herritar bat desagertu izana» salatu zutela

Erredakzioa
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak bi gazte iruindar epaitu zituen atzo, pintaketak eginda «terrorismoa goratu» izana leporatuta. Akusazioen arabera, Jon Anzaren aldeko pintaketak egin zituzten bi akusatuek 2010eko martxoaren 16an, Anza desagertu eta bost egunera, eta «terrorismoa goratu» zuten horrela. Hori dela-eta, urtebeteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak bakoitzarentzat, eta pintaketen garbiketak ekarritako gastuak ordaintzea: 682 euro.

Bi akusatuek, Gaizka Perezek eta Gorka Milagrok, epaimahaiari azaldu diote ez zutela terrorismoa goratzeko inolako asmorik; ez zutela Anza ETAko kide izateagatik goraipatzeko intentziorik. Euskal herritar bat «egoera arraroan» desagertu zela azaldu dute, eta desagertzea salatu eta senideei elkartasuna adierazi besterik ez zutela egin nahi.

Pintaketen bidez egindako salaketaren helburua desagertzea ikertu zedila eskatzea zela ere adierazi dute bi gazteek Auzitegi Nazionalean, eta ekintza ez zutela aurrez prestatu; «bat-batekoa» izan zela erabat. Biak absolbitzeko eskatu du defentsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.