Ertzaintza gaur goizaldean joan da Ondarroara Urtza Alkorta atxilotzera. Goizeko seiak inguruan entzun da turruna, eta zazpiak aldera ailegatu dira 30 furgonetatik gora, eta Ondarroako Alamedan zeuden herritarrek harresia osatu dute zubian, Alkortaren inguruan. Ertzaintzaren itsasontzi bat ere bertan izan da. Lau ordu iraun du polizia operazioak, eta herritarrek modu baketsuan erantzun dute. Alkorta eta beste bi lagun atxilotu dituzte, eta zortzi pertsona identifikatu. Segurtasun Sailak dio hamahiru ertzain arin zauritu direla.
Ehunka lagun elkartu dira Alkorta babesteko, eta poliziek inguratua izan dute zubia. "Ez gaituzue geldituko", "zuek hil zenuten Iñigo Cabacas" eta beste lelo batzuk oihukatu dituzte zubian batutakoek. EH Bilduko legebiltzarkide Maribi Ugarteburu, Laura Mintegi eta Unai Urruzuno Aske Gunean izan dira. "Euskal gizartearen eskariari kasurik egin ez, eta Espainiari men eginez polizia bidali du EAJk", esan du Ugarteburuk Info7 irratian eginiko elkarrizketa batean.
Hain justu, atxilo hartzearekin mehatxu egin dio ertzain batek Ugartebururi, hura forudun txartela erakusten ari zitzaion bitartean. "Berdin dit zer zaren, hurrengoan atxilotuta zatoz", esan dio.
Bost ohartarazpen
Bost aldiz ohartarazi die Ertzaintzak protestan ari zirenei Alkorta atxilotzera zihoazela, "Auzitegi Nazionalak igorritako aginduak betez". Elkarretaratzean jarraitzen zutenek erantzukizun penalak eta administratiboak izan ditzaketela adierazi die Ertzaintzak.
Minutu batzuk geroago hutsarazi dute Zumardian ezarri duten karpa, eta zortziak aldera hasi dira jendea ateratzen. Ordu erdi igaro ostean hasi dira eskaileratik jendea ateratzen. Ondarroako alkatea izan da aterarazi duten lehenetako bat, eta besoetatik eta hanketatik tiraka jardun dira poliziak. Zauriak artatzeko materiala kendu egin diete erizaintza lanetan ari zirenei.
Banan-banan atera behar izan dituzte Alkorta babesten ari zirenak. Besoetatik, hanketatik eta iletik tiraka eraman ditu Ertzaintzak hainbat pertsona, eta kolpe ugari eman dizkie. Zubia hutsarazten hasi eta bi ordura iritsi dira Alkortarengana, eta atxilo hartu dute.
Tentsio uneak izan dira hurrena, Alkorta eramaterakoan. Furgonetei bidea eragotzi diete hainbat herritarrek, eta furgonetetatik irten eta oldartu egin zaizkie ertzainak. Egoera baretu, eta joan egin dira poliziak, Alkorta atxilo hartuta.
Alkortaz gain, Ertzaintzak jakinarazi du beste bi pertsona atxilotu eta zortzi identifikatu dituztela. Breogan Fernandez eta Beñat Apalategi dira atxilotutakoak. Donostian Segiko kide izatea egotzitako hamabost auzipetuen artean zeuden, eta absolbitu egin zituzten biak. "Autoritateari erresistentzia" egitea egotzita atzeman dituzte, eta libre utzi dituzte biak. Mediku batek ikusteko eskatu du Apalategik, salatu baitu ertzainek jipoitu egin dutela.
Zortzi identifikatuei txostena zabalduko diete, euren burua identifikatzeari uko egin diotelakoan. Aske Guneak, berriz, salatu du poliziek hainbat herritar zauritu dituztela.
Ikusi hemen goizeko gertakarien argazki bilduma.