Ustelkeriaren kontrako bulegoak «deskapitalizazio» zantzuak antzeman ditu Nafarroako biomedikuntza zentro publikoan, erakunde pribatuen mesedetan

Ikerketa bat abiatu dute, LABek jarritako salaketa oinarritzat hartuta. Navarrabiomed institutu publikoko ikerlari batzuek salatu dute «presio» egin dietela, hainbat saio kliniko Idisna erakunde pribatuaren esku uzteko.

Navarrabiomed enpresa batzordea
Navarrabiomeden enpresa batzordeko kideak, gaur, zentroaren aurrean egin duten agerraldian. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2024ko otsailaren 2a
15:00
Entzun

Publikoa hustu, pribatua betetzeko. Navarrabiomed zentroan horixe gertatzen ari dela salatu du hango enpresa batzordeak. Izan ere, osasun arloko ikerketaren sektorea bitan banatuta dago Nafarroan: batetik, Navarrabiomed zentro publikoa dago; eta bestetik, Idisna izeneko fundazio publiko-pribatua, zeinean, osasun erakunde publikoez gain, Opus Deiren unibertsitatea baitago. Navarrabiomeden enpresa batzordearen arabera, Nafarroako Gobernuaren asmoa da saiakuntza kliniko gehienak Idisnaren esku uztea, eta horrek arriskuan jarriko luke zentro publikoaren bideragarritasun ekonomikoa. LABek salaketa aurkeztu zuen iaz Ustelkeriaren Kontrako Nafarroako Bulegoan, eta erakunde horrek «egiazkotasun zantzuak» topatu ditu sindikatuaren kontakizunean. Ikerketa abiatzea erabaki du.

Navarrabiomed zentroko enpresa batzordeak —LABeko bederatzi ordezkarik osatzen dute— agerraldia egin du gaur, auzia esplikatzeko. Azaldu dutenez, 2022ko ekainaren 28an ituna sinatu zuten Idisna osatzen duten eragile publiko eta pribatuek, eta, horren arabera, Navarrabiomedek Idisna fundazioaren esku utzi behar du bere ikerketen kudeaketa. Nafarroako Unibertsitatearen CIMA zentro pribatuak, ordea, ez du halako betebeharrik, eta beretzat gorde ditzake saio kliniko guztiak. Ustelkeriaren aurkako bulegoak ere uste du akordio hori «asimetrikoa» izan daitekeela, sare publikoaren kaltetan: «Idisnaren alde pribatua salbuetsita dago saiakuntza komertzialen kudeaketa lagatzetik, baina alde publikoa horretara behartuta dago». Are: ebazpenean irakur daitekeenez, Navarrabiomed proiektuz eta saio klinikoz husteak «arriskuan» jar dezake erakunde publikoaren «bideragarritasun ekonomikoa». Hori dela eta, ustelkeriaren aurkako bulegoak fiskalizatze txosten bat eskatu dio Kontu Ganberari, jakiteko zentro publikoa «deskapitalizatzen» ari ote diren, erakunde pribatuen mesedetan.

Gaurko agerraldian, gainera, Navarrabiomedeko enpresa batzordeko kideek salatu dute zentroko zenbait ikerlariri «presio» egin dietela zenbait ikerketa eta saio kliniko Idisnaren bidez kudeatzeko. Ez da gisa horretako salaketa bat egiten duten lehen aldia. Iazko maiatzean, LABek salatu zuen «presio ugari» jaso dituztela bai Navarrabiomedeko ikerlariek bai Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko medikuek, beren proiektuak Idisnaren bidez aurkezteko. «Egoera horrek deskapitalizazio ekonomikoa dakar, giza kapitalaren deskapitalizazioa eta sektore publikoan ikerketa masa murriztea», kritikatu zuen Imanol Karrerak, LABen Nafarroako koordinatzaileak.

Publikoaren aldeko ituna

Iazko abuztuan, osasun ikerketa publikoa bultzatzeko ituna sinatu zuten EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Hiru taldeek konpromisoa hartu zuten «abian den legealdian kudeaketa publikoko institutu bat izatea bermatzeko neurriak eta legeak bultzatzeko». Konpromiso horri eustea galdegin dio LABek Osasun kontseilari Fernando Dominguezi: «Osasun Departamentuak eta Geroa Baiko kontseilariak ezin dute jokatu ustelkeriaren aurkako bulegoaren erabakia existituko ez balitz bezala». Are, «iritzi publikoarekin jolastea» egotzi diote kontseilariari, «gauza bat erranez eta kontrakoa eginez». LABeko ordezkarien irudiko, «negozio bihurtutako osasun ikerketa pribatizatu baten aldeko apustua» egina du Osasun Departamentuak.

Horregatik, ustelkeriaren kontrako bulegoak eskatu bezala, Idisnaren aldeko ituna «behin-behinean etetea» galdegin diote Nafarroako Gobernuari, «gutxienez ikerketak iraun bitartean».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.