Epaiketa

Ustez 'Izurdia' atunontziari eraso egin zioten sei pirata kartzelatu dituzte

Itsasontziari eraso egin nahi ziotenik ukatu dute, baina Javier Gomez Bermudez epaileak espetxeratzeko agindu du, epaiketa egin bitartean.

Berria.info
2012ko azaroaren 2a
18:24
Entzun 00:00:0000:00:00

 

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklarazioa hartu ostean, kartzelara bidali dituzte ustez Izurdia ontziari eraso egin zioten sei pirata. Urriaren 10ean, eraso bat jasan zuela salatu zuen Izurdia atunontziak. Somaliako itsasertzetik 350 bat miliara gertatu zen erasoa.

Orduan atxilotu zituzten sei lagun, eta erasoa egitea leporatu zieten. Izurdia-ko zaintzaile armatuek tiroka uxatu zituzten.

Javier Gomez Bermudez epaileak pirateria delitu bat egotzi die, gaur sei lagunei deklarazioa hartu ostean, eta espetxeratzeko agindu du. Akusatuek, ordea, ukatu egin dute. Ontzia erasotzeko asmorik ez zutela, uretara jausitako lagun baten bila ari zirela esan diote epaileari. Epaileak ez du aintzat hartu bertsio hori, ordea, itsasertzetik oso urrun zeudelako atxilotu zituztenean.

Herbeheretako armadako ontzi batek atzeman zituen ustezko erasotzaileak, eta Espainiako armadako Castilla ontziko eskifaiaren eskuetan utzi zituen. Aurreko asteazkenean eraman zituzten atxilotuak Espainiara.

Joan den urteko maiatzean beste bi pirata somaliar zigortu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Alakrana atunontziari eraso egitea egotzita, 439 urteko zigorra jarri zien.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.