Ustez ostu zuten haur baten hilobia irekiko dute gaur zortzi Galdakaon

Enpresa pribatu bat ere hasi da hobiak irekitzen: bat zabaldu du jadanik, eta sei irekitzeko asmoa du hurrengo bi hiletan

Itsasondoko hilerrian ireki dute orain arte azken hilobia epaileen aginduz. Hutsik zegoen. A. APALATEGI / HITZA.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ume lapurtuen auziko egutegiak datorren asteazkenean izango du hurrengo egun seinalatua, BERRIAk jakin duenez: hilobi bat zabalduko dute Galdakaon, Bizkaian, familia baten salaketaren harira. Auzitegien aginduz Hegoaldean zabalduko duten laugarren hobia izango da. Emaitza bera izan da orain arteko hiruretan: giza arrastorik ez dute aurkitu, eta, horrenbestez, ziurtzat jo dute hilkutxa horietan inoiz ez zutela hildakorik sartu. Galdakaokoa ez da irekitzekoa duten hilkutxa bakarra; gehiago irekitzeko eskariak eginak dituzte auzitegietan.

Urte hasieran jarri zuten zeresana ume lapurtuen auziagatik irekitako hilkutxek: Donostiako Polloe hilerrian zabaldu zuten hobi bat, urtarrilaren 12an, eta ez zuten aurkitu giza arrastorik. Horren ondoren jakinarazi zuten aurrez beste hilkutxa bat irekia bazutela Derion (Bizkaia), eta han ere ez zela agertu inor hobiratu izanaren zantzurik. Itsasondon (Gipuzkoa) zabaldu zuten epaileen aginduz hirugarren hobia; egur puskak eta horrelakoak soilik agertu ziren —lur mugimenduak eginak zituzten hilerrian—.

Diferentzia bat bada, hala ere, Derioko eta Donostiako kasuen eta Itsasondokoaren artean: lehen bietan, giza arrastorik ez, baina ospitaleetan erabiltzen dituzten materialak aurkitu zituzten —pintzak eta jaioberriei jarri ohi dizkieten eskumuturrekoak—. Horiek aztertzen ari dira orain. Hilobiak zabaltzeko ardura Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak hartu zuen, baina hura orain ez da ari topatutako objektuak aztertzen. Derion aurkitutako pintzak-eta Madrilera igorri zituen, Espainiako Toxikologia Institutura; Donostian agertutakoak, berriz, Ertzaintzak eraman zituen, azterketa egiteko asmotan.

Hilkutxetan agertutakoak ez ziren giza arrastoak, eta horregatik ez da ari Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundea horiek aztertzen. Aurkitutako objektuetatik DNA lortu nahian ari dira Madrilen. Nolanahi ere, ziurra da umerik ez zutela sartu hilkutxa horietan; hala izan balitz, hezur arrastoek gutxienez agertu behar zuten, auzitegiko medikuek behin eta berriz adierazi dutenez.

Kasuak, aurrera egin ezinik

Hutsik agertutako hiru kutxek lehen lerroan jarri zuten ume lapurtuen auzia. Horren haritik, Eusko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde bana sortu dute, auzia aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak ere izan ditu bilerak SOS Haur Lapurtuak taldearekin; Nafarroan, gobernuaren jarrera salatu du elkarteak.

Auzitegietan ez dute izan, ordea, horrelako babesa. Bizkaian, adibidez, bi astean lau salaketa bota zituzten atzera hilabete hasieran. Argudio bera erabili dute epaileek lau kasuetan: ustezko delitu horiek iraungita daudela jadanik eta ezin direla auzitara eraman. Irizpide bat erabili dute hori esateko: ustez lapurtu zituzten ume horiek 18 urte egin zituztenetik hasten dela iraungitze aldia eta, kasu guztietan hamar urte baino gehiago igaro direnez, jada ezin dela ikertu zer gertatu zen.

Irizpide horren aurkakoa da Fiskaltza, eta helegitea jarria du kasuak artxibatu izanaren aurka, beste interpretazio bat egin baitu: ume lapurtuen auzian ustez egindako delituak orain ere egiten ari dira, ustez, eta gurasoek salaketa jartzen dutenetik hasten dela iraungitze aldia. Dokumentuak aurkitzea da haien oztopo nagusia; Gipuzkoan, 1960ko eta 1970eko abortuen daturik ia ez dago, Eusko Jaurlaritzak berak txosten batean aitortu duenez.

Paperak aurkitzeko ezintasunaren eta epaileek kasuak artxibatzearen ondorioz, beste bide bat zabaltzen ari da umeak lapurtu zizkietela uste duten familien artean: bide pribatura jotzea, eta beren gain hartzea hilobiak zabaltzeko gastua. Herrialde Katalanetako enpresa bat ari da horretan, eta Hegoaldean zabaldu du hilobi bat jadanik, Arrigorriagan (Bizkaia). Gorpu baten arrastoak eta pintza bat agertu ziren, enpresako arduradunak jakinarazi duenez. Horiek aztertzen jarraitzen dute laborategietan.

Enpresa horrek berak irekiko ditu hilobi gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala baieztatu dio BERRIAri. Hilabete honetan, bi ditu zabaltzekoak, eta datorren hilean, lau. Nolanahi ere, enpresak ez du eman nahi izan datu gehiago, familiek «diskrezioz» jokatzeko eskatu diotela arrazoituta. Nafarroan atzeratuago dago kontua, enpresaren esanetan; harremanak izan dituzte zenbait sendirekin, baina oraingoz ez dute hilobirik irekiko. Epailearen baimena ez da behar enpresa pribatuak hilobia zabal dezan. Ordea, dirua eskatzen du hori egiteak: mila eurotik gora.

DNA bankua ari da zabaltzen gehiago. Enpresek aukera ematen dute senideak lapurtu dizkietela uste dutenen DNA gordetzeko; hartara, modua izango dute lapurtu egin dituztela uste dutenenarekin edo hilkutxetan agertutakoarekin alderatzeko. Iazko apirilean hasi ziren Hegoaldeko dozenaka sendi DNA probak egin eta bankuetan jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.