2007an PSE-EEko zinegotzi Juan Carlos Domingo eta haren bizkartzain Gabriel Gines hiltzen saiatzea leporatuta, Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria ETAko ustezko hiru kideren aurkako epaiketa hasi zen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 55na urteko kartzela zigorra eskatu du hiruren aurka.
Istiluak izan ziren epaiketan, eta Teresa Palacios epaimahaiko presidenteak hiru akusatuak eta saioan bildutako lagun eta senideak salatik bota zituen. Liskarra guardia zibil baten deklarazioaren ostean sortu zen, atxilotu ondoren akusatuek «borondatez» deklaratu zutela adierazi baitzuen. Pastorrek «torturatzaile» deitu zion orduan guardia zibilari, eta epaimahaiburuak akusatuak gune blindatura eramateko agindu zuen. Bitarte horretan, oihuka hasi ziren: besteak beste, «Gora ETA» oihukatu zuen Pastorrek. Hori dela eta, epaileak akusatuak eta jendea salatik botatzea erabaki zuen. AVTk kereila aurkeztuko du hiru akusatuen aurka, «terrorismoa goratu» dutela leporatuta.
Guardia zibilen eskuetan inkomunikatuta egon ziren bost egunetan torturak jasan dituztela salatu zuten akusatuek iaz, atxilotuak izan zirenean. Kolpeak jaso zituztela, poltsa egin zietela eta presio psikologikoa eta mehatxuak etengabe jaso zituztela salatu zuten.
Ustezko hiru etakide salatik bota dituzte, istiluak izan direlako
Fiskaltzak 55na urteko kartzela zigorra eskatu du Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarriarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu