Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Usurbilgo Udalari orain berri: Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa eratzeko prozesuan akatsak egon ziren.Usurbilgo Udalak ohartarazi zuen Txingudi mankomunitatearen onarpena ez zela legezko bidetik egin partzuergoa eratzeko prozesuan, eta 2009ko irailean auzitara jo zuen. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Usurbilgo Udalari, eta partzuergoa eratzeko estatutuen artikulu batzuk baliogabetu zituen. Erabaki horren kontrako helegiteei buruz erabaki du orain Espainiako Auzitegi Gorenak. Sententzia irmoa eman du, eta erabaki du Txingudi mankomunitatea ez dela partzuergoko legezko kide. Ondorioa atera du Usurbilgo Udalak: «Auzitegi Gorenak ere kolokan jarri du Zubietako errauste planta».
Txingudik partzuergoko bileretan parte hartzen jarraitu du bi urteotan. Usurbilgo Udalaren ustez, beraz, «Txingudik parte hartutako partzuergoko batzarretan hartutako erabaki guztiak baliogabetuta daude». Betiere udalaren hitzetan, Zubietan errauste planta eraikitzeko erabakiak eta hitzarmenak kolokan jartzen ditu auzitegiaren erabakiak. Oraingoz, ordea, partzuergoaren erabakiak ez ditu baliogabetu auzitegiak, eta datozen asteetan ikusi beharko da sententziak zer ondorio utziko dituen. Usurbilgo Udalak argi du, hala ere, errauste plantak ja ez duela oinarri legalik eta Gipuzkoak arrazoi bat gehiago duela errausketa egitasmoa «betiko baztertzeko».
13.000 hektareako erreserba
Ulia eta Jaizkibel arteko itsas eremua (13.000 hektarea) Natura 2000 sarean sartzeko eskaera aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. Itsas erreserba hori ingurua babesteko ezarriko litzateke, «Euskal Herriko itsas bioaniztasunik handiena» duen ingurua baita, diputazioaren esanetan. Lapurdi eta Gipuzkoa artean 300 kilometro koadroko itsas korridorea babestearen alde ere agertu da erakundea. Eusko Jaurlaritzara, Espainiako Gobernura eta Europako Batzordera bidali du eskaera.
Pasaiako kanpoko kaiari eragingo lioke diputazioaren babes eskaerak, aurrera egingo balu. Hain justu, itsas erreserba hori ezartzeko eskatu zuen atzo Eguzki talde ekologistak, Pasaiako kanpoko kaiaren proiektuaren ingurumen txostenaren kontra helegiteak aurkeztu dituela jakinaraztearekin batera. Jaizkibel Bizirik plataformak ere 2.800 helegite aurkeztu dizkio txosten horri, 10.000 lagunen babesarekin.
Azpiegitura handien kontra Donostian larunbatean egingo den manifestazioaren atarian iritsi dira berri horiek. Atzo iluntzean protesta egin zuten, Donostiako udaletxearen aurrean.
Usurbilgo Udalak uste du Gorenak kolokan jarri duela Zubietako errauste planta
Ulia eta Jaizkibel arteko itsas eremua Natura 2000 sarean sartu eta babesteko eskatu du Gipuzkoako Aldundiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu