Horrelakoak egin beharra dago hemen, kasu egingo badigu norbaitek». Auzoko errepidea zaborrezitxita, ertzainak horiek kentzen, eta hara zer dioen Txomin-Enea auzoko adineko bizilagun batek. «Zergak ordaintzen ditugu Donostiako beste herritar guztiek bezala. Eta ordainetan? Erabat utzita daukate gure auzoa». Uholdeek gogor erasan arren behar adinako babesik ez dutela izan salatu dute, eta kontuak eskatu dizkiote udalari.
Eguerdian egin zuten leher auzotarrek atzo. «Zikinkeria besterik ez dago bazterretan, urpean daude garaje batzuk... Eta hiru edukiontzi besterik ez dizkigute jarri». Errepidean jarri zituzten haietako bi; itxi egin zuten, ordu laurdenez. Azkar azaldu ziren ertzainak. «Orain bai, orain etorri dira. Orain arte ez zuen inork etorri beharrik», egin zieten oihu bide bazterretik. Hori dute beste kexa, segurtasunarena. «Etxeak eta tabernak itxi gabe daude, lapurrak badabiltza inguruan, eta gau osoan poliziarik ez da etorri».
Auzoen arteko lehia sortu du uholdeen ondorengo nahasmenduak: «Martutenera bai, hara joaten dira», salatu zuen edadeko andre batek. Protestara adinekoak batu ziren batez ere. Ahoa ixterako, hara: hiru udaltzain motoan. «Udaltzainak badauzkagu-eta Donostian!», oihu egin zuen batek. Azkar isildu zen: «Ikusten? Geratu ere ez dira egiten hemen, zuzenean Martutenera doaz».
Nahiko lan bazuten udaltzainek. Argiarekin arazoak zeuden, eta Martutenen ez zebilen semafororik; zebrabideetan eta bidegurutzeetan udaltzainak zeuden. Eta eguraldiaren gorabeherek bazuten eragina: luizia izan zen Astigarragara bidean, eta ilara luzeak sortu ziren. «Guk ere nahi dugu horrelako laguntza, baina ukatu egin digute», erantzun zuten Txomin-Enean. «Hori soilik eskatzen dugu: norbaitek laguntzea guri».
Errepide bazterrean 50 bat laguneko taldea, eta aurrean dozena bat ertzain. Tentsio uneak ere izan ziren, ertzainek bidea zabaldu nahi izan zutenean. «Hondakinak biltzera etorri izan balira, ez zen zabor hori horrela egongo».
«Ni haserretuko nintzateke»
Alkateak, Juan Karlos Izagirrek,erantzuna: «Ni ere haserretuko nintzateke. Etxea edo lokal bat urez estaltzen bazaizu, gutxienekoa da haserre egotea. Baina egoera salbuespenekoa izan zen». Ahal dena egiten ari dela berretsi du herriko etxeak; atzoko gaua udalak prestatutako etxeetan igaro zuten 30 pertsonak, berenetara ezin itzuli eta. Gaur eta bihar bilerak egingo dituzte udaleko kideek Txomin-Eneko eta Martuteneko bizilagunekin. Informazio bulego bat ere jarri dute. Herenegun han izan zen alkatea, eta gogor hartu zuten zenbait herritarrek.
Auzotarrek iluntzera arteko epea eman zioten udalari Txomin-Enean edukiontziak jartzeko. Eta protestarako hautua egin zuten berriro: 19:30etik 20:00etara auzoko errepidea itxi zuten.
«Utzita daukate gure auzoa»
Uholde handiak jasan eta gero laguntzarik ez dutela izan salatu dute Donostiako Txomin-Enea auzoko herritarrek. Errepidea zaborrez itxi dute, protesta egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu