Aldaketak urtetebe egin duen honetan, Nafarroako Gobernua "indartsu" dagoela adierazi du Uxue Barkos lehendakariak Euskalerria irratiaren Metropoli foral saioari eskainitako elkarrizketan. Atzera begira jarri da, eta balorazioa egin du. "Kontseilari guztiak daude indartsu; jakin badakigu zeintzuek jasan dituzten erasorik gogorrenak: hezkuntza arloan, besteak beste; gogoratu Beaumontek jasan zituenak legealdiaren hasieran; ikus dezagun Fernando Dominguezen kontra eta haren taldearen kontra... Baina hortik aurrera, ongi".
Era berean, gobernuaren egituran aldaketak egingo dituela iragarri du elkarrizketan. "Kontseilaririk ez dugu aldatuko. Bestelako karguetan... errebisio bat egin beharko dugu, urte bat pasa ondoren", zehaztu du. "Iraganeko erregimenarekin lotura duten goi kargudun asko daude?", galdera egin dio Juan Kruz Lakasta kazetariak, eta halaxe erantzun dio lehendakariak: "Hori izan da Hezkuntza sailean eta Osasunbidean kritika nagusia. Errebisatu behar, baina ez bakarrik sail horietan. Errebisio bat eginen dugu; urtebete pasa da, eta nik uste badela momentua".
Euskararen gaia ere hartu du hizpide. "Oposizio mota batek" euskara "patata beroa" den gai baten gisan landu nahi badu ere, gobernuarentzat hala ez dela jakinarazi du. Larunbatean Kontseiluak egindako manifestazion parte hartzaileek euskara bultzatzeko laguntza eskaini zioten Barkosi. "Behar-beharrezkotzat" jo du euskararekiko asmoa kalean erakustea. Horregatik, "eskertua" dago bertaratutakoek "esan behar zutena positiboki" aldarrikatu zutelako.
Beste gai polemiko batzuei ere heldu die. Adibidez, iragan astean 2016ko aurrekontuetatik 23 milioi euro blokeatzeko erabakiari buruzko azalpenak eman ditu: "Momentu honetan diru sarrerak eta gastuak ez datoz bat joan den urte amaieran aurrekontu legean proposatutakoarekin". Barkosek argitu du martxoko datuekin egin zutela blokeoa, baina zerga bilketa bide onetik doala gaineratu du, eta oposizioak kritika gogorrak egin arren, lau alderdiek onartutako zerga erreforma beharrezkoa zela erakutsi du. "Denbora behar du erreformak, baina ongi doa".