Aurtengo uztailaren 8an, 40 urte beteko dira Polizia Armatua indarkeria handiz eta tiroka Iruñeko zezen plazan sartu zela. Ondorengo istiluetan, German Rodriguez gaztea hil zuten tiroz, eta, guztira, 11 bala zauri eragin zizkioten. 40 urteotan, 1978ko Sanferminak Gogoan taldeak urtero ekarri ditu gogora gertaera haiek, eta aurten ez da salbuespen izango.
Are gehiago, azaroaz geroztik, hilabetero hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta sanferminen aurretik motorrak berotuz joan dira. Ostiralean, kasurako, Dora Salazarren monumentua inauguratu zuten. Datorren igandean, 1978ko sanferminak gogoraraziko dituzte. Jarduera guztiok helburu nagusi bat dute: "Egia, justizia eta ordaina lortzea", azpimarratu du Amaia Kowasch historialari, Egiaren Batzordeko kide eta 78 SF Gogoan taldeko kideak, gaur egindako aurkezpenean.
Aurreko urteotan guztiotan, ekitaldi nagusia Orreaga etorbidean izan da, German Rodriguez erail zuten eta haren oroitarria dagoen tokian. Aurten, 11:30ean, zezen plazatik kalejira egingo dute. Kalejirak hainbat geldiune izango ditu. Adibidez, Rodriguezen hilarrian, lore eskaintza egingo dute. Hortik, Gazteluko plazara joango dira, eta, handik, Iruñeko Udaletxe plazara. "Toki horietan esku hartze labur bana egingo da, gertaera haien memoria demokratikoa erreskatatzeko borrokaren barruan, toki bakoitzak duen esanahiari lotuta", esan du Kowaschek.
Aurten, Udaletxe plazan
Udaletxe plazan izango da ekitaldi nagusia, 13:00etan. Hori da berritasun nagusietako bat. Kalejiran zein ekitaldi nagusian, duela 40 urteko sanferminak gogoraraziko dituzte, eta amaieran agiri bat irakurriko da justizia aldarrikatzeko. Gainera, Fermin Valenciak Kantuz taldearekin kantatuko du Hilarria abestia. Peñek ere parte hartuko dute ekitaldian eta plazan pankarta handi bat zabalduko dute.
[youtube]https://youtu.be/khXTZbq2pVY[/youtube]
Kowaschek gogora ekarri du gertaera haien zigorgabetasuna salatuko dutela aurrerantzean ere. Iragan astean, 78 SF Gogoan taldeko kideak Europako Parlamentuan izan ziren, eta "hiri honek duela 40 urte nozitu zuen polizia erasoari dagozkion dokumentuak desklasifikatzeko" eskatuko dute aurrerantzean ere, Kowaschen arabera.