Kutsatuen kurba malkartsu doa beheraka, eta beste mugarri bat erdietsi da berriki: egun bakarrean zenbatutako COVID-19 kasu kopurua 200dik beherakoa izan da Hego Euskal Herrian, iragan udatik lehenbiziko aldiz. Zehazki, Osakidetzak eta Osasunbideak 5.582 diagnostiko proba egin zituzten atzo, eta horien guztien %2,7k eman zuten positibo: 151ek, alegia. 2020ko uztailaren 17tik erregistratutako daturik apalena da hori.
Hala, pandemiaren bigarren olatuaren hasieran erregistratutakoen parekoak dira Hegoaldeko osasun agintariek gaur jakinarazitako datuak, eta, beraz, nabarmena da transmisioa arintzen ari dela. Gaur egun, azken hamalau egunetako batezbestekoari so, eguneko 310 kutsatu detektatu dira Hegoaldean. Apirilaren hondarrean, laugarren olatuaren goraldi betean, batezbestekoa milatik gorakoa zen.
Kutsatuen datuak lurraldez lurralde aztertuta, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Bizkaian 54 kasu zenbatu zituzten; Gipuzkoan, 47; Nafarroan, 26, eta Araban, 22.