Valls ministroaren adierazpenak gaitzetsi dituzte sozialistek ere

ETAren eta lurralde elkargoaren eskaeraren artean egin «amalgama» ez dutela onartzen azaldu diote gutun batean zortzi hautetsikErrandako hitzen eragina «neurtzeko», Ipar Euskal Herrira etortzea proposatu diote

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Bost orriko gutun bat bidali diote Manuel Valls Frantziako Barne ministroari Ipar Euskal Herriko zortzi hautetsi sozialistek, herenegun egindako adierazpenak gogor kritikatuz. Gutun gogor eta trinkoa bidali diote Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuek,Frederique Espagnac senatariak, Mathieu Berge eta Frantxua Maitia eskualdeko kontseilariek eta Marie Christine Aragon, Christophe Martin eta Kotte Eszenarro kontseilari nagusiek. Vallsek atxiki postura ez onarturik, Ipar Euskal Herriko «errealitatea ezagutzera» eta «herritarren aitzinean» bere «hitzen eragina neurtzera» gomitatu dute Frantziako Barne ministroa. Euskal Herriariburuzko eztabaidan parte hartzeko gomita ere egin diote: «Lagun arteko mahai sozialista eta errepublikanoaren inguruan jartzera gomitatzen zaitugu, eztabaidan parte hartzeko gisan».

Hautetsien eta ETAren artean egindako «amalgama» gaitzetsi dute. Hain zuzen, erakundeak armak uzten ez ditueno Ipar Euskal Herriaren ezagupenaz ez duela eztabaidatuko jakinarazi zuen Vallsek herenegun. «Jaun ministroa, ETA ez da Euskal Herria, [...] gai horri begira ez zaio ETAri zuzendu behar, hautetsien esku da».

Aieteko Adierazpena ere gogoratu diote: «Gogoratu behar ote dizugu duela urtebete, Aieteko Nazioarteko Konferentziak borroka armatuaren bukaera eskatzen zuela? Izenpetzaileen izenak oroitarazi behar ote dizkizugu? Kofi Annan, Gro Harlem Bruntland, Berthie Ahern, Pierre Joxe, Gerry Adams, Jonathan Powell...». ETAk adierazpenari baikorki erantzun izanak «nehoiz ikusi gabeko eztabaida gune errepublikano bat» ireki duela azaltzen diote gutunean. Hori kontutan harturik, Vallsek berak egindako «adierazpen bortitzak» deitoratzen dituztela azaltzen diote.

Eskaera «zilegia»

Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren eskaera «oso azkarra, sustraitua, historikoa eta zilegia» dela azalduz, deszentralizazioaren erreformarekin herritarrek erantzun baikor bat lortzea espero dutela zehazten diote.

Vallsek eztabaidari tokirik ez uztea eta erabakia bakarrik hartu izana gogor salatzen dute sozialistek: «Ez dugu eztabaida ireki nahi, diozu... gu hori benetan kolektiboa ote da? Nor da gu horren gibelean?». Hautetsiak direla zehaztuz, botoaren bidez herritarrek «adierazi konfiantza» ez dutela «traizionatuko» diote. Hori dela eta, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren ezagupenaren nahia «ez atsekabetzen saiatzen» direla azaldu diote, eta gehitu inoiz ez dutela ukatu errepublikaren barne direla.

Aldarri horri begira, François Mitterrandek 1981. urtean egindako euskal departamenduaren promesa ere oroitarazten diote, eta geroztik «esperantza eta atsekabe anitz» ezagutu direla esplikatzen. Egunez egun, Pays egituraren bidez besteak beste, Ipar Euskal Herriak bizitasun ekonomikoa, nekazaritzakoa eta kulturala lortu duela diote. Deszentralizazioaren erreforma dela eta, Marylise Lebranchu ministroa Hautetsien Kontseiluko ordezkaritza batekin bildu dela ere oroitarazi diote, eta gehitu txostena Parlamentura heltzea espero dutela.

Kexua, alde guztietarik

Kexu handia eragin dute Vallsen adierazpenek Ipar Euskal Herriko hautetsien artean. El País egunkarian Vallsek egin elkarrizketari begira izandako ihardespenek berriz ere argi utzi dute euskal lurralde elkargoari begira adostasun orokorra lorturik dela Ipar Euskal Herrian.

Max Brisson UMPko kontseilari nagusia izan zen agiria bidali zuen lehena. «Gehiengoaren sostengua duen eskaeraren eta aho batez gaitzetsia den ETAren artean amalgama egitea aldrebeskeria bat baino gehiago da, huts politiko bat da». Hautetsien Kontseiluak eraman gogoetak «horrelako erantzun bipil bat baino gehiago merezi» zuela azaldu zuen.Hautetsien Kontseiluak ere deitoratu du Barne ministroaren postura, eta «bi gauza [lurralde elkargoaren eskaera eta ETA] nahasten» dituela erran du. 2008kootsailean hasi zuen Ipar Euskal Herriaren gobernantzari buruzko gogoeta Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluarekin batera, Pays egituraren desagerpenaz kezkaturik. Hausnarketa horri horrelako erantzuna eman izana gogor gaitzetsi zuen Jean-Jacques Lasserrek, egituraren presidenteak. Sozialisten gisara, Lasserrek ere bilera eskaera bat eginen dio Vallsi.

Noski, abertzaleek ere gogor salatu dute egoera. «Beti berdin segitzen da, instituzioaren gaia ez da Euskal Herrian erabakia, ez eta ere Parisen, Madrilen erabakia da, hor bada anomalia bat», Peio Etxeberri-Aintzart ABko bozeramailearen hitzetan. «Ukazio demokratikoa» salatu du Batasunak: «Euskal Herriko hitza onartu eta errespetatu behar dute». Espainiarekiko «kolaborazio itsuaren politika» irmoki salatu du alderdi abertzaleak.

Vallsen adierazpenak «arduragabetzat» jo ditu bere aldetik Jean Lissar-ek, Europe Ecologie Berdeen bozeramaileak. Euskal Herrira etortzea gomendatzen dio Barne ministroari, argiki ohartzeko «urte luzeetako eskaera bat» dela euskal lurralde elkargoa, eta «herritar gehienek eta hautetsien %80k» bat egiten duela horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.