Venezuelak Kubara itzularazi ditu atxikitako hiru euskal deportatuak

Ostegunean atxiki zituzten hiru deportatuak Venezuelan, itsasontzin kostara iristen ari zirela

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Xabier Perez Lekue, Elena Barcena Arguelles eta Iñaki Etxarte Urbieta euskal deportatuak Kubara bidali ditu bueltan Venezuelako Gobernuak. Berri agentziek «terrorismoaren kontrako borrokaren iturriei» erreferentzia eginez jakitera eman dutenez, hiru deportatuak Venezuelatik bota eta berriz Kubara deportatzea erabaki dute, herrialde horretara legez kanpo sartu direla argudiatuta.

Ostegunean atxiki zituzten hiru deportatuak Venezuelan. Venezuelako hedabideek zabaldu zutenez, hiru euskal herritarrak Haitiko herritar batekin batera zihoazen ontzi batean; Venezuelako kostara iristen ari zirela, barkuak hondoa jo eta bertan geratu ziren, Los Roques inguruetan.

Venezuelako hedabideek ez zuten informazio gehiagorik eman. Caracasen atxikita dauden euskal herritarren berri duen iturri batek BERRIA-ri adierazi zionez, ordea, Perez, Barcena eta Etxarte Venezuelako giza eskubideen babeserako Provea elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta legezko babesa galdegin. Elkarte horretako Antonio Pupio abokatua ari da eramaten hiru deportatuen defentsa.

Iturri horren arabera, «tratu zuzena eta ona» jaso dute Venezuelan, baina iheslariak beldur ziren Venezuelako Gobernuak Espainiara estraditatuko zituen. Izan ere, horietako baten, Etxarteren, estradizioa galdegina du Espainiako Auzitegi Nazionalak.Atzo jakin zen, Espainiara ez, baina berriz ere Kubara eraman zituztela, hegazkinez.

Perezek, Barcenak eta Etxartek hogei urtetik gora daramatzate Kuban. Barcena eta Etxarte Frantzian atxilotu zituzten 80eko hamarraldiaren erdialdean, eta hasiera batean Cabo Verdera deportatu bazituzten ere, berehala joan ziren Kubara.

Perez, berriz, 1990ean joan zen Kubara, Nikaragua utzita, Fronte Sandinistak boterea galdu zuenean Espainiaratuko zuten beldur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.