Ventura Tome euskal presoa (Tafalla, 1953) gaur atera da espetxetik. Arratsaldeko ordu bietan iragarri du Etxerat-ek, eta 14:30ean jakin du Tomek aske utziko zutela. Murtziako espetxean zegoen, eta Euskal Herrira datozen orduetan iristea espero da. Beste hamar dira une honetan espetxean gaitz larriekin dauden euskal presoak.
.@EtxeratElkartea k larriki gaixo dagoen Ventura Tome #Tafalla ko preso politikoa hurrengo orduetan ASKE geratuko dela BAIEZTATZEN du
— Etxerat_Elkartea (@EtxeratElkartea) September 24, 2014
Ventura Tome 2011ko urriaren 28an atxilotu zuten, Bruselan, ETAk armak behin betiko utziko zituela iragarri eta astebetera. 1990eko hamarkadan beste hiru urtez egon zen preso behin behinean, 1997. urtera arte. 2011ko abenduan Espainiaratu zuen Belgikak. Murtzian egon da preso, Tafallatik 690 kilometrora (errepidean 17 orduko joan etorria, Etxeraten arabera).
Aspaldikoa da haren osasun egoera larria, eta behin baino gehiagotan eskatu dute aske uzteko. Azken aldiz Iruñeko kaleetan, ekainean. Lehenik, prostatan izan zuen minbizia, eta 38 erradioterapia saio jaso zituen. Haren abokatuak eta Etxerat-ek salatu zuten saio horiek eskuburdinak jarrita ematen zizkiotela eta poliziek tratu ankerra eman ziotela.
Espetxean, baldintza txarretan
Orduan, bitan eskatu zuen Tomek Nafarroara eraman zezatela, baina bietan bota zioten eskaera atzera. Bere osasun egoera aintzat hartuta, presoak aske uzteko eskatua zuen gaur baino lehenago ere, edo, besterik ez bazen, zigorra arintzeko neurriren bat ezartzea, baina horiek ere orain arte atzera bota dizkiote.
Lehen graduan eta erregimen gogorrenean izan da gaur arte Tome, eta Rafael Jose Ramada Estevez Bera euskal presoak Murtziako espetxetik bertatik orain dela hiru aste BERRIAra bidali zuen gutunean azaltzen zuen moduan, Murtziako espetxea ez dago prest larrialdietarako:
"Espetxeak berak ere zaharra izanik baldintza desegokiak ditu; ziegan edozein larrialdi gertatzean espetxe zaintzari larrialdiaren berri atea joz egin behar izaten dugu, eta, entzuten dutenerako!, ez baitago barruan inongo txirrinik edo antzekorik. Utzikeria eta zikinkeria ere horren guztiaren zoritxarreko koktel bat bihurtzen da".
Apirilean birika erdia kendu zioten
Orain duen minbizia 2013ko ekainean antzeman zioten Tomeri, baina abendura arte ez zioten jakinarazi, beste kontu bat dela-eta ospitalera eraman zuten arte; orduan jakin zuen presoak sei hilabete lehenago tumore bat detektatu ziotela. Aurten, apirilean ebaketa egin zioten, Murtzian bertan, eta birika erdia kendu zioten.
Ospitalean alaba izan zuen ondoan, emazteak ere minbizia duelako eta duela urtebetetik ezin delako Murtziara joan bisitan. Presoak Nafarroara eramateko eskatu zuen, konfiantzazko sendagileek arta zezaten, behar-beharrezko osasun arreta izan zezan eta senideengandik hurbilago egon zedin. Atzera bota zioten eskaera hori ere.
Beste hamar euskal preso, larri gaixo
Ventura Tome kalera irtenda, une honetan beste hamar euskal preso daude larri gaixo: Ibon Iparragirre, Gari Arruarte, Ibon Fernandez Iradi, Aitzol Gogorza, Txus Martin, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Jose Miguel Etxeandia, Josetxo Arizkuren, Iñaki Etxeberria eta Inma Berriozabal.
Parisen bihar aztertuko dute Ibon Fernandez Iradiren zigor etenaren baldintzen aurkako helegitea. Lehen baldintzaren arabera, Frantzian egoteko debekua indargabetu beharko luke Fernandez Iradik, askatu ahal izateko. Ni Ere Banoa kolektiboak aska dezatela eskatu du.