Vera: «Osasun zerbitzuen eredu berriak gaixoen beharrak izanen ditu oinarri»

Parlamentuan hitz egin du Nafarroako Osasun kontseilariak; aldaketak murrizketak ekarriko dituela uste du Ezkerrak

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ospitalez kanpoko osasun zerbitzuen eredua erabat aldatzeko asmoa agertu du asteon. Atzo, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, mintzagai izan zuen auzi hori Marta Vera Osasun kontseilariak, eta nabarmendu zuen martxan jarri nahi duten eredu berriak gaixoa izanen duela ardatz: «Haren beharrak izanen dira zerbitzuen oinarri; zerbitzuak gaixoaren egoerara moldatuko dira, alderantziz egin beharrean».

Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak ere heldu zion gaiari atzo, eta zehaztu zuen osasun zerbitzuen erreforma «beharrezkoa» dela gizarte ongizatearen alde. Roberto Jimenez presidenteordeak, berriz,onartu zuen osasun zerbitzuen eredua aldatzeko prozesua hastapenean baino ez dela.

Parlamentuan egindako agerraldian, hain zuzen ere, Verak ez zuen eredu berriari buruzko zehaztapen anitz eman. Asteon, haren departamentuak aurreratu duenez, landa eremuetako larrialdi zerbitzuak bertan behera uzteko asmoa dute, eta lehen mailako arreta eskaintzen duten zentroetako ordutegia zabaltzekoa, 08:00etatik 20:00etara. Atzo ez zuen xehetasun gehiago eman Verak. Baliabideak zentzuz erabiltzeko beharra aipatu zuen kontseilariak, eta eredu berriak «arreta osoa» eskaini nahi diola gaixoari.

Ezkerrak deitu zuen Marta Vera Nafarroako Parlamentura. Talde horren ustez, Osasun kontseilariak aurkeztutako erreformaren atzean «murrizketa gehiago» bertzerik ez dago.

Errioxarekin hitz egiten

Bertzalde, Hego Euskal Herriko gaixoak Errioxan (Espainia) artatzeko aukerari buruz «konponbidea» aurkituko dutela espero duela erran zuen Errioxako Osasun kontseilari Jose Ignacio Nietok atzo. Hilaren 31n amaituko dira hiru gobernuen arteko behin-behineko hitzarmenak, Errioxak Hego Euskal Herriko gaixoak artatzen ez jarraitzea erabaki ondotik adostu zituztenak. «Hitz egiten ari gara», erran du Nietok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.