ZALDIBARKO ZABORTEGIA

Verterrek «ustekabeko» luizia gertatu eta biharamunean baloratu behar zuen zabortegiko pitzadurei buruzko txostena

Zabortegia kudeatzen duen enpresaren arabera, teknikariek egoera «ezohiko bat» atzeman zuten azpiegituran, baina iruditzen zitzaien ez zegoela «berehala amiltzeko zantzurik».

Hondeamakina bat zabortegian lanean. JON URBE / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 30a
12:35
Entzun

Joan den otsailaren 3an pitzadurak atzeman zituzten Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian. Hortaz, Verter Reycling 2002 SM enpresak, azpiegitura kudeatzen duenak, txosten bat enkargatu zien, bai topografia etxe bati, bai Geyser-i, zabortegiaren ikuskatze teknikoa egiten duen ingeniaritza enpresari. Verterrek berri agentzia bati helarazitako komunikatuaren arabera, hurrengo egunean egin zuten ikuskaritza, eta otsailaren 6an «emaitzen lehen analisi bat egin ondoren», erabaki zuten hurrengo egunerako, 7rako, bilera batera deitzea ingeniariekin batean. Hain zuzen, otsailaren 6an gertatu zen luizia, eta azpian harrapatu zituen Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak —orduz geroztik desagertuta daude—. Enpresarentzat, halere, «ustekabeko» lur jausia gertatu aurretik ingeniariek «ezohiko egoera bat» atzeman zuten arren, iruditu zitzaien ez zegoela «berehalako amiltze bat gertatzeko zantzurik».

Verterrek komunikatu hau plazaratu du, hain zuzen, El Correo egunkariak  informazio bat kaleratu ondoren. Horren arabera, zabortegiaren egonkortasuna arriskuan egon zitekeela antzeman zuen ingeniaritza talde batek, 2018an. Verterrek 2017an eraikitako azpiegitura berri batzuen harira, talde horrek bi azterketa egin zituen 2018ko apirilean eta ekainean, eta bietan agertu zen segurtasun baldintzak ez zirela betetzen. Verterrentzat aholkularitza lanak egiten zituen ingeniaritza taldeak egin zituen azterketa horiek: Geyserrek, hain zuzen. Ertzaintzak bere atestatuan jaso ditu txosten horiek, eta joan den asteko atxiloketekin zerikusia izan dezakete. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok lehengo astelehenean adierazi zuenez, ez zuen 2018ko bi azterketa horien berri: «Enpresak eman behar zion informazio hori administrazioari, eta ez zuen jakinarazi».

Zabortegia kudeatzen duen enpresako jabea (Jose Ignacio Barinaga Egia), kudeatzailea (Arrate Bilbao Barinaga), eta azpiegituraren ingeniaria (Juan Etxebarria) joan den astean atxilotu zituen Ertzaintzak, eta, epailearen aurrean deklaratzeari uko egin ondoren, Durangoko Instrukzioko 1. salako magistratu Sofia Maria Sanchez Ortegak zuhurtziagabekeria larriz eragindako giza hilketako delitua inputatu die. Behin-behinean aske utzi dituen arren, kautela neurriak ezarri dizkie: hilean behin sinatzera joan beharko dute epaitegira, eta pasaporteak kendu dizkie.

Verterren esanetan, «modu arduratsuan» jokatu zuen «halabeharrezko istripua» gertatu aurreko egunetan. Iruditzen zaio pitzadurak ez direla «ohiz kanpokoak» zabortegietan, eta ahalegindu zela, teknikarien txostenei eta gomendioei jarraikiz, «segurtasun irizpideak» kontuan hartuta erabakiak hartzen. «Teknikari bakar batek ere ez zuen ohartarazi amiltze arriskua zegoenik», nabarmendu du enpresak. Otsailaren 7rako aurreikusita zegoen bileran «diagnostiko argi batera» heldu nahi zuten,  Ingurumen baimen integratuak (IBI) «exijitu» bezala, Jaurlaritzari egoera «ohiz kanpokoaren berri emateko»

«Puntualtasunez»

Azpiegitura martxan jarri zutenetik hiru hilabetez behin, eta «puntualtasunez», Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari ikerketa topografikoen berri eman diola azpimarratu du Verterrek: «Hori Ingurumen Saileko ordezkariek beraiek egiaztatu dute». Moreno Ingurumen sailburuordeak, aldiz, ia kontrako adierazi zuen astelehenean.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.