Ekonomia

Victor Bravok Ramon Azurzari utzi dio senatari postua, Irungo Ogasuneko ustezko iruzurra dela-eta

1991-2003 urteen artean Gipuzkoako Foru Aldundian Ogasun saileko zuzendari nagusia izan zen Bravo. Auzipetuen artean bere anaia dago.

2007ko maiatzaren 15a
13:20
Entzun
Irungo (Gipuzkoa) Ogasun bulegoko afera dela-eta, Victor Bravo EAJren senatariak utzi egin du postua (auzipetuen artean dago bere anaia Jose Maria), eta haren lekua Ramon Azurzak hartuko du.

1991-2003 urteen artean Gipuzkoako Foru Aldundian Ogasun saileko zuzendari nagusia izan zen Victor Bravo, eta urte haietan gertatu zen Irungo Ogasunean ustezko iruzurra. Haren anaia Jose Maria Bravo izan zen, hain zuzen, Irungo bulegoko zuzendaria ustezko iruzurraren garaian.

Irungo Epaitegiko Almudena Ovejero epaileak lau lagun auzipetu ditu aferagatik, eta ekainaren 26an deklaratu beharko dute.

Jose Maria Bravo zuzendari ohiaz gain, haren emazte Rosa Cobos Crespo, Pilar Garcenea Ogasun funtzionarioa eta Jose Maria Bravoren bazkide Pedro Mari Atristain Gabilondo dira auzipetuak.

Fiskalaren arabera, Irungo Ogasun bulegoan 1995-2004 urtean jardun zuten iruzur egiten. Hark uste duenez, milioi eta erdi euro patrikaratu zituzten auzipetuek, eta Gipuzkoako Foru Aldundia bost milioi euro bildu gabe geratu zen.

Ramon Azurzak 76 urte ditu, ezkonduta dago eta zazpi seme-alaba dauzka. Gipuzkoatik egongo da Espainiako Senatuan, Victor Bravoren lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.