EZBEHARRA

Villabonako bikote bat hil da Leonen, positibo emandako gidari batek harrapatuta

Senar-emazteak dira hildakoak, eta zaurituta dago haien semea, 12 urtekoa. Bizikletan zihoazen. Gidariak ihes egin du, eta Guardia Zibilak atxilotu du. Donejakue bidea egiten ari ziren. Boskoiztu egin du baimendutako alkohol tasa.

Istripua izan den tokia. J. CASARES, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 28a
07:03
Entzun

Goizean gertatu da ezbeharra, 11:30 aurretxoan, Matallana de Valmadrigal herrian, Leonen (Espainia). Larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, bizikletan zihoazen hildako senar-emazteak eta haien semea, 12 urtekoa. Jo egin ditu auto batek.

Bikotea bertan hil da, eta zaurituta dago semea.

Gidariak ihes egin du, eta handik hamazazpi kilometrora atzeman du Guardia Zibilak. Positibo eman du alkohol proban. Boskoiztu egin du onartutako alkohol tasa: 1,16 eman du. Segururik gabe zebilen. Atxilotuta dago.

Hildako bikotea eta semea Donejakue bidea egiten ari ziren. Villabonan bizi ziren —hernaniarra zen gizonezkoa eta donostiarra emakumezkoa—. Leuneta zikloturista taldearekin ibiltzen ziren, eta semea txirrindulari federatua da.

Villabonako Udalak presazko bilera egin du, eta bozeramaileen batzordeak adierazpen instituzionala onartu du. Auzibidea abiatzen bada akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du udalak. Lagutza osoa eskeini die familiei eta lagunei, eta elkartasuna eta nahigabea azaldu.

Lekukoek ikusi dute gertatutakoa eta larrialdi zerbitzuetara deitu dute. Haiek emandako arrastoei esker atxilotu ahal izan dute gidaria. Larrialdi zerbitzuak harrapaketaren tokira joan direnerako, hilda zegoen bikotea; semea anbulantzian eraman dute. Halakoa izan da kolpea, hildakoak harrapaketa izan den lekutik hogei metro ingurura zeudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.