Villanuevaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzera deitu dute gaur

Egun militantzia politikoagatik pertsonak atxilotzea zentzugabekoa dela uste du Eleak-ek

Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Arturo Villanueva askatzeko eta militantziagatik eta lan politikoagatik atxilotzeari uzteko eskatu die Eleak-ek Espainiako eta Frantziako gobernuei. «Ez ditzatela herritarren eskubideak urratu, euren aurkari politikoen aurrean, jokoaren arauak errespetatuz, aurrez aurre eta aukera berdintasunean aritzeko ausardia izan dezatela eskatzen diegu», adierazi du Asier Biurrun mugimenduko kideak. Villanuevaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egingo du gaur kolektiboak. Iruñean izango da, 19:00etan Udaletxeko plazan.

Abuztuaren 27an atxilotu zuten Villanueva, Urruñan. Etorri berria zen Lapurdira, eta bizitza erabat publikoa zeraman. Baionako polizia etxetik pasarazi, eta Paueko Auzitegira eraman zuten. Eta handik, Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindu eskaera jakinarazi ondoren, Seyesseko espetxera bidali zuen epaileak. Irailaren 4ean ebatzi beharrekoa zen haren auzia. Baina, Paueko Dei Auzitegiak astebete atzeratu du epaiketa, auzia ebazteko informazio gehiago eskatu diolako Auzitegi Nazionalari.

«Egoera hau zentzugabea da erabat». Hori uste du Eleak mugimenduak. «Egungo esparru politiko eta sozialean halako erabakiek ez lukete lekurik izan behar», adierazi du Biurrunek. «Zigor eredugarri bat ezartzea xede izan dezakeen erabaki politikoa» izan daitekeela uste du mugimenduak, eta horregatik, trantsizioko justizia aplikatu beharko litzatekeela esan dute. «Estradizioak eta atxiloketak amaitzeko garaia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.