Villanuevaren aurkako euroaginduaren epaiketa berriro atzeratu dute

Paueko prokuradoreak Iñaki Imazen aurkako euroagindu eskaera babestu du; irailaren 18an emango dute epaia

Erredakzioa
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Arturo Villanueva iruindarraren aurka Espainiak ezarritako euroaginduaren gaineko auzia irailaren 25era arte atzeratu zuen atzo Paueko auzitegiak, Espainiako Auzitegi Nazionalak oraindik ez diolako igorri Villanuevaren aurka duen salaketaren gainean iragan astean eskatu zion informazio gehigarria.

Bigarren aldiz atzeratu behar izan dute auzia, beraz, joan den astean epaitu behar baitzuten hasieran. Eta, orduan, defentsak eta prokuradoreak informazio gehigarri hori eskatu zuten, Madrilek igorritako euroaginduak ez baitu argitzen zehazki zer leporatzen dioten militante nafarrari.

Astebeteko epean informeak iritsi ez, eta bi astez atzeratu du orain auzia Paueko auzitegiak. Villanueva abuztuaren 27an atxilotu zuten, Urruñan, eta ordutik espetxeratuta dago. Irlandatik etorri berria zen iruindarra. Belfasten ere atxilotu zuten haren aurkako euroagindu bat zela medio, baina epaileek, azkenean, Villanueva ez Espainiaratzea ebatzi zuten.

Bi auzi Pauen

Villanuevaren auzia bertan behera geratu zen, baina Iñaki Imaz donostiarraren aurkakoa egin zen auzitegi berean. Imaz joan den abuztuaren 6an atxilotu zuten, Hendaian, haren aurkako euroagindu bat zela medio. Deklaratu ostean libre geratu zen, epaiketa egin bitarte.

Atzo epaitu zuten, Pauen, eta prokuradoreak Imaz Espainiariatzearen alde egin zuen. Epaileak irailaren 18an jakinaraziko du zer erabaki duen.

Euroagindu horien aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean, Hendaian, Pausuko biribilean.

Atristain aske, bermepean

Xabier Atristain donostiarra, berriz, aske geratu zen herenegun, bi mila euroko bermea ordaindu eta gero, Etxerat elkarteak atzo jakinarazi zuenez.

Bi urte igaro ditu espetxean Atristainek, azken hilabeteak Granadakoan (Espainia). Epaiketaren zain dago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.