Berdintasuna

Virginia Imaz 'clown' eta aktoreak jasoko du Emakunderen Berdintasun saria

Umorearen bitartez gizartearen sentsibilizazioan egindako ekarpena aitortu dio epaimahaiak

Virginia Imaz, Pauxa pailazoa antzezten, 'Enkantatuta' lanean. BERRIA
aitor biain
2017ko azaroaren 30a
13:48
Entzun

Ibilbide luzeko aktorea eta clown-a da Virginia Imaz. Guztira, 30 urte baino gehiago daramatza kontzientzia feminista duen ipuin kontalari eta pailazo gisa, besteak beste. Haren lana aitortu nahi izan du Emakundek orain Berdintasun saria emanez.

Epaimahaiak arte eszenikoen bidez berdintasunaren aldeko sentsibilizazioan egindako ekarpena goraipatu du, “etiketen kontra” borrokatu duelako eta pailazoaren lanbideari “duintasuna” eman diolako, “kultur arloko beste hainbat emakumeren erreferente bihurtuz”. Izan ere, aitzindaria eta berritzailea izan da Imaz antzerkiaren alorrean.

Generoaren eta emakumeen inguruko ikasketetan aditua, feminismoak hausnarketa eta ezaguera behar-beharrezkoak dituela erakutsi du Imazek. Bada, umorea gizartearen ispilu gisa erabili izana aitortu dio epaimahaiak Imazi. “Berdintasuna ideien mundutik emozioen mundura eramateko gai izan da”, nabarmendu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.

“Sorpresaz” eta “hunkituta” jaso du aktoreak albistea. ”Errekonozimendu oso handia da niretzat, eta esan beharra daukat atzetik jende asko dudala helburu berarekin lan egiten. Lehenetarikoa izatearen meritua izan dezaket beharbada, baina asko dira arte eszenikoetan berdintasunaren alde lan egiten ari direnak; gero eta gehiago, zorionez. Haiei ere eskaini nahi diet errekonozimendu hau”.

Aktore eta pailazo izateaz gain, ahozko kontalaria, gidoilaria, agertokiko zuzendaria edota clownklusionista ere bada Imaz. Etengabeko Hezkuntzako iraslea ere izan da; “trebatzaileen trebatzaile”. Horrez gain, Cirque du Soleil-en aritu zen lehen euskalduna ere izan zen –hiru urte egin zituen La Nouba ikuskizunean–. Oihulari Klown antzerki konpainiaren sortzailea, hainbat ikuskizunetan antzezten edota zuzendari artistiko ere ari da egun. Apirilean jasoko du saria Imazek, Lehendakariaren eskutik.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.